Babesgune klimatikoak eta beroaldien kontrako neurri berriak izango ditu Ermuak

Ander Gomez 2026ko uztailaren 11

Zubiaurre kalea, hutsik.

Aste honetan erregistratu diren moduko tenperatura altuei aurre egiteko plana prestatzen ari dela jakinarazi du Udalak, beroaldiei "aurrea hartu" eta herritarrak, udal-langileak zein kolektibo zaurgarriak babesteko helburuarekin.

Ekainaren 21etik 24ra bitartean izandako beroaldian eta termometroak 37 gradu markatzera ailegatu ziren aste horretan, herriguneko kaleak hutsik egon dira egunaren erdiko orduetan. Tenperatura freskoa, itzala edo ura eskaintzen duten txoko bila ibili dira herritarrak; kalean halabeharrez egon behar izan duten langileek, berriz, ahal bezala igaro dituzte egunok. Egoera horren harira, prebentzio-neurriak eta bero-boladen kasuan jarduteko protokoloak lantzen hasi da Ermuko Udala.

Planaren berri joan den ekainaren 30eko osoko bilkuran eman zuen Beatriz Gamiz alkateak, galdera-eskaeren txandan Paul Yarza EH Bilduko bozeramaileak gaia mahaigaineratu ostean. 

Oposizioaren kezka

Tenperatura igoeretara egokitzeko aurreikusitako neurrien eta babesgune klimatikoen inguruan galdetu zuen EH Bilduk. Tokiko Energia eta Klima Plana iazko ekainean aurkeztu zela adierazi zuen, eta, aldi berean, 2026ko udal aurrekontuan ingurumeneko partida murriztu izana kritikatu zuen: "10.000 euro gutxiago bideratu dira aurreko urtearekin alderatuta; aurrekontu osoaren %1,30 soilik bideratzen da arlo horretara, oraindik ez dugun teknikariaren kostua barne". Era berean, maiatzeko osoko bilkuran mahaigaineratutako kezkak gogorarazi zituen, hala nola bero-boladen ondorioen ingurukoak eta herriguneko zuhaiztiaren diagnostikoaren atzerapenengatik sortutakoak.

EH Bilduren ustetan, "plan horien garapena ez litzateke atzeratu behar Ingurumen teknikaria falta delako; pertsona guztiek ez baitute baliabiderik etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko, eta adineko askok ezin dute uda Ermutik kanpo igaro". Hori dela eta, Udal Gobernuari galdetu zion ea identifikatuta ote zituen babesgune modura erabil zitezkeen espazio publikoak: "Esaterako, liburutegia, Lobiano jauregia, Merkatu plaza, kiroldegia… eta itzala, eserlekuak eta ura eskaintzen dituzten bestelako guneak". Helburua "edozein herritarrek etxetik gertu babesteko eta sozializatzeko txoko bat izatea" dela azaldu zuen Yarzak.

Udal Gobernuaren erantzuna

Alkateak zehaztu zuen gaia "Energia eta Klima Planetik haratago" doala, eta beroari aurre egiteko "plan integral eta zabalagoa" behar dela. Azaldu zuenez, egoera honek ez dio Ermuari bakarrik eragin, penintsulako iparraldeko gainerako administrazio eta udalei ere bai: "Hegoaldean badituzte horrelako protokoloak; gu, berriz, azkenaldiko bero-bolada hauek ezustean harrapatu gaituzte". Hala ere, dagoeneko plan baten zirriborroa prestatuta dutela jakinarazi zuen, "oraindik ere Udaleko sailekin landu eta kontrastatu beharrekoa".

Azken asteotako alerta egunetan hartutako neurriak ere aipatu zituen Gamizek. Udalari dagokionez, ezinbestekoak ez ziren kasuetan, langileek egunaren erdiko orduetan kanpoko esku-hartzeak saihesteko agindua eman zela azaldu zuen; baita udaletxeko hainbat gelatan haizegailuak jarri zirela, "laneko eta herritarrentzako arreta-guneetako baldintza termikoak hobetzeko".

Lantzen diharduten planak barneko zein kanpoko ikuspegia duela azaldu zuen: "Udal-langileak, herritarrak eta, bereziki, pertsona zaurgarriak babestu nahi dira". Adierazi zuen Ermuak "inprobisatu gabeko tresna egonkorra" behar duela; krisi-egoerei aurrea hartzea, Udaleko sailak koordinatzea, espazio freskoak identifikatzea, prebentziozko komunikazioa indartzea eta tenperaturek osasunerako arriskua eragin dezaketen egoeretan berehalako laguntza neurriak aktibatzea ahalbidetuko duena.

Bukatzeko, herrigunean aspertsoreak jartzeko aukera aztertu dutela azaldu zuen, EAEko hainbat udalerritan jarri direla ikusita. Hala ere, "egun batetik bestera" ezin direla martxan jarri ohartarazi zuen, legionellaren kontrako neurriak eta bestelako prozedurak tarteko.

Planaren inguruko datu gehiago

Gaur zortzi, Tenperatura Altuen Kontrako Planaren inguruko xehetasun gehiago partekatu zituen Udalak. Zirriborroak arrisku-mailaren araberako protokoloak aurreikusten ditu, udako ohiko prebentzio-fasetik hasi eta muturreko beroaldi kasuetako abisu-, alerta- eta larrialdi-mailetaraino. Halaber, herriguneko espazio "freskoak" edo babesgune klimatikoak identifikatu eta ezagutaraztea, aire zabaleko udal-jarduerak berrikustea, herritarrentzako gomendioak prestatzea eta pertsona zaurgarrien jarraipen-protokoloak aktibatzea jasotzen ditu. Gaineratu zuenez, plana urtero berrikusiko den tresna "bizia" izango da, eta "hartutako neurriak ebaluatu eta udal-zerbitzuak zein espazio publikoa pixkanaka klima-egoera berrietara egokitzeko aukera emango du".

Igerilekua beranduago itxi dute

Astelehenean, erregistratutako tenperatura altuak ikusita eta unean uneko neurri gisa, Betiondo kirolguneko igerileku irekia beranduago ixtea erabaki zuen Udalak. Hala, ohiko 20:30eko itxiera-ordua atzeratu, eta 21:30 arte hartu ahal izan zuten bainua ermuarrek.