Pedal Metal taldeak Ermuko lehen bizikleta-jaitsiera lasterketa sortu zuen iazko santixauetan, eta datorren astean bigarren aldia egingo dute. Hamabost lagun aritu dira antolakuntzan, eta haien artean dago Michel Zapata Arana ermuarra: prestaketa lanak egiteaz gain, lasterketan ere parte hartuko du.
DH Ermua lasterketak bigarren aldia izango du; iazkoa ondo atera zen seinale, ezta?
Guztia aurreikusi bezala atera zen. Alde txar bakarren bat esatekotan, parte-hartzaile kopurua aipatuko genuke. Zoritxarrez, iazko proba Espainiako Txapelketaren egun berean jokatu zen. Horrek kalte egin zigun, eta hirurogei lagun izan ginen.
Ez da gutxi; zenbat batuko dira?
Oraindik ez dakigu, baina laurogei lagunetik gora izatea espero dugu; baita emakumeen parte-hartzea handitzea ere. Iaz, bakarra egon zen, baina aurten, Espainiako txapeldun izan berri den beste neska batek etorriko dela baieztatu digu. Bestela ere, gizonezkoen goi-mailako lasterkariak egongo dira; tartean, Estatuko rankingean laugarren dagoena, eta Espainiako Txapelketa irabazi izan duten lau euskaldun.
Zirkuitua prest dago?
Domeka honetan bertan egin ditugu garbiketa lanak. Bestela, zirkuitua bera duela hogeita bost urte sortu genuen, Pedal Metal taldea sortu aurretik. Lana izan zen, baina makineriarekin astebetean egitea lortu genuen, eta, gerora, ederki pasa genuen, merezi izan zuen.

Zirkuitua txukuntzen. PEDAL METAL
Urte askoan zapaldu barik eman duzue, ordea.
Kontua da downhill-a ez dela oso kirol autonomoa: bizikletak astunak dira eta, berez, jaitsieran oinarritzen denez... norbaitek eraman behar zaitu gora. Taldean furgoneta zuten lagun batzuk genituen, baina, denborarekin, nekatu egin ziren eta pixkanaka laga egin genuen.
Dena den, egindako lana ez zen alferrik galdu.
Mendizaleek aprobetxatu dute urte hauetan guztietan Urkora igotzeko. Jende askok ez daki bide hori guk egin genuela.
"Jende askok ez daki Urkora igotzeko erabiltzen duen bidea gure zirkuitua dela, duela 25 urte egina"
Bueltatu egin zarete. Zergatik?
Jarraitu izan dugu bizikleta-jaitsierak egiten, baina hemendik kanpo. Hala ere, egia da kirol hori azkenaldian berrindartu egin dela Euskal Herrian, eta arrazoia bizikleta elektrikoen booma izan da. Askoz errazagoa da igotzea; ez dago, lehen bezala, norbait furgonetan gora eta behera ibiltzen izateko beharrik.
Zaletasuna berreskuratzea kontu bat da, baina Ermuko downhill lasterketa sortzea beste bat. Nola sortu zen ideia?
Urte asko daramatzagu lehian, eta beti izan dugu gure lasterketa propioa sortzeko gogoa. Guztia antolatzeak kostu handia du, baina Udalarekin harremanetan jarri ginen, eta anbulantziekin eta halako gastuekin lagundu digute. Gainerakoa babesleen laguntzari esker ordaindu ahal izan dugu.

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren entrenamenduetan. BTXF
Santixauen baitan egingo da berriz.
Bai, lehen asteburuan. Uztailaren 18an, zapatua, entrenamenduak egingo dira arratsaldez –goizean Urkora 69tan ezetz! igoera dago eta–, 14:00etatik 18:00etara. Lasterketa egunean, errekonozimendu jaitsiera egingo da 10:00etan, berotzeko eta lasterkari bakoitzak zirkuituan aldaketarik egon den ikus dezan. Ondoren, sailkapen-txanda egingo da, 1 Formulan egiten den bezala, denboraren arabera irteera-ordena erabakitzeko. Kirol honetan, ordea, azkarrena azkena ateratzen da. Bukatzeko, 12:00etan jokatuko da txanda erabakigarria.
Izen-ematea zabalik dago?
Uztailaren 16ra arte egin ahal izango da eta parte-hartzaileek ez dute zertan federatuak izan behar. Promo kategoria dago, eta hortxe lehiatzen gara afizionatuak, edozein adinetakoak. Helburua ondo pasatzea eta adrenalina pixka bat sentitzea da.
Zenbat ermuarrek eman dute izena?
Luis Gabriel Ruizek eta biok, oraingoz. 8 urteko ume bat ere izango da; zirkuitua lehen aldiz jaitsiko du hark.

Umeek ere parte hartuko dute. PEDAL METAL
"Proba ikustera gonbidatzen ditugu herritarrak; baina baita dortsala hartu eta parte hartzera"
Mendizale asko ibiltzen den bidea dela aipatu duzu lehen; neurri berezirik hartuko da?
Abisuak emanda daude; Artarrairi ere bai, eta mezua zabaldu dute herriko mendizaleen tartean. Hala ere, irakurleei gogorarazten diegu hilaren 11n goizez, 18an arratsaldez eta 19an goizez gomendagarria dela ez igotzea.
Lasterketa ikustera igo ahal izango da, ezta?
Bai, noski. Ikusleentzako sarbideak eta gune egokituak prestatu ditugu. Urko urte osoan dago han; mendira igotzeko asmoa duten herritarrak lasterketaz gozatzera animatu nahi ditugu. Goi-mailako txirrindulariak bertatik bertara ikusteko aukera egongo da, eta, zirkuitua oso teknikoa eta zorrotza denez akrobazia handirik egongo ez bada ere, ikuskizuna bermatuta dago.

Santa Anako helmugan, iaz. ESTIBALITZ GONZÁLEZ
Lasterketan izena emateko epea gaur itxiko da, 23:00etan. Inskribatzeko egin klik HEMEN.