Maite Gorrotxategi erraketista ermuarra zendu da

Estibalitz González 2026ko uztailaren 16a

Maite Gorrotxategik 2003an Ermuan jasotako omenaldiaren oroigarria.

Maite Gorrotxategi Potente erraketista profesional gisa hainbat urte eta pilotalekutan aritutako kirolaria Durangon zendu da, 99 urte zituela. Erraketa jokoaren urrezko aroaren azkenengoetariko lekukoa izan zen eta ondo akorduan zituen sasoi distiratsu hartako gogorapenak.

Sestaon jaio zen arren, bi urteko umetxoa zela bizitzak Eibarrera ekarri zuen eta bertan hasi zen pilota jokoan zaletzen. 36ko gerraren ondorioz, etxea apurtuta topatu eta Ermura lekualdatu zen familia. Maite tailer baten hasi zen lanean, baina goizean goiz lanera orduko Eibarko Astelenara joaten zen, entrenamendua egiteko. 


Maite Gorrotxategi, Nieves Bereziartua eta Charo Blasco pisukideak.

Kantxan Ermua izenetik ezagutzen zuten eta aurrelari posizioan ondoen moldatzen zen sake biziko jokalari hari, laster etorri zitzaion profesionaletan aritzeko eskaintza ere: 1941eko Arrate egunez debutatu zuen Sabadell frontoian eta haren ondoren etorri ziren Bartzelonako Sol y Sombra eta Logroñoko Jai Alai pilotalekuetako denboraldiak. Lau urte eman zituen jokoan eta Mexikora joateko proposamena izan bazuen ere, hangoak amaituta etxera itzuli zen. Ademar Herreriarekin ezkonduta, bi alaben guraso izan ziren. Kaltxangon biziko ziren lehenengo, Ongarain gero eta azken urteak Durangon. 


Pilotari lizentzia, 1943an Sabadellen luzatua.

Erraketa modalitatea bere unerik gorenean zegoenean aritu zen jokatzen Maite, eta hamarkadak beranduago zehaztasun guztiekin gogoratzen zituen kirolari sasoiko oroitzapenak eta bizipenak. Medio desberdinek jaso zuten bere testigantza eta azken urteetan hainbat omenaldi ere izan zituen, kolektiboak zein bakarkakoak. Azkena Durangoko udalak 2023an eginikoa izan zen, Ezkurdi pilotalekuaren inaugurazio ekitaldian jasotakoa. 


Maite Gorrotxategi, tente laugarrena, Sabadell frontoian erreketista lagunekin 1941ean.

Drogetenitturrin berari eginiko elkarrizketa irakurtzeko egin klik hemen.