Santixauak 2026 - Ermua

Makis 37 eta Orihen: "Herriko taldeek ere tokia izan behar dute jaietako agertoki nagusian"

Garazi Mendieta 2026ko uztailaren 17a

Makis 37 eta Orihen taldeetako kideak, Beti Txartoko lokalen sarreran. G. MENDIETA

Makis 37 eta Orihen talde ermuarrak santixauetako agertoki nagusian izango dira aurten, San Pelayon. Makis 37k gaur joko du, 22:00etan, El Drogasen aurretik; Orihenek bihar, 22:00etan ere, Zea Maysen aurretik. Aukera horrek herriko musikaren etorkizunari buruzko gogoeta ekarri die.

Zer dira kontzertu horiek zuentzat?

Julen Gutierrez (Makis 37): Ez da lehen aldia jaietan jotzen duguna, baina El Drogasekin eszenatokia partekatzea oso berezia da guretzat. Barricadaren zaleak gara, haien musikarekin hazi gara eta izugarrizko eragina izan du gure ibilbidean. Aukera hau bizitzan behin etor daitekeen horietakoa da.

Aitor Cid (Orihen): Aukera ikaragarria da. Urtero talde handiak etortzen dira, eta gure nahia da hemendik aurrera tokiko taldeek ere aukera izatea agertoki berean jotzeko. Aurten, Makis 37 eta gu izango gara, baina etorkizunean beste edozein talde izan dadila.

Nola sortu zen aukera hau?

J.G.: Beti Txarto elkarteari iritsi zitzaion proposamena. Lau edo bost talde aurkeztu ginen eta zozketa bidez erabaki zen nork joko zuen egun bakoitzean. Hasieran, Zea Maysen teloneroa izango zen beste talde bat zegoen, eta gure eta Orihenen artean erabaki behar zen nork joko zuen El Drogasekin. Txanpon bat airera bota genuen erabakia hartzeko, eta guri egokitu zitzaigun. Azkenean, beste talde horren kontzertua bertan behera gelditu da, eta Orihenek hartu zuen Zea Maysekin jotzeko lekukoa.

Horrelako kontzertu bat modu berezian prestatzen al da?

A.C.: Hiru edo lau errepertorio ezberdin prestatu genituen hasieran. Pentsatu genuen Zea Mays ikustera etorriko zen publikora egokitu behar genuela, baina, azkenean, erabaki dugu geure buruari leial izatea. Bederatzi edo hamar abesti joko ditugu, baina gure taldea ondoen ordezkatzen duen errepertorioarekin.

Horrek kontzertu hutsa baino gehiago ematen du. Horrela bizi duzue?

A.C.: Bai. Guretzat erakusleiho handia da. Normalean, tabernetan, gaztetxeetan eta areto txikietan jotzen dugu, eta horrelako plaza batean aritzea ez da ohikoa. Bertan egongo diren pertsona guztien artean hamar edo hamabost lagun gure musika entzuten hasten badira kontzertua gustatu zaielako, erabat merezi izango du.

J.G.: Dena daukagu irabazteko. Jende askok ez gaitu ezagutzen. Gaizki ateratzen bada, ahaztu egingo gaituzte; baina ondo ateratzen bada, agian, gure izena gogoratuko dute eta entzule berriak irabaziko ditugu.

Ermuak betidanik izan du musika eszena indartsua. Nola ikusten duzue zuek barrutik egoera gaur?

J.G.: Oso osasuntsu dago. Guk entseatzen dugun lokalean hamabost bat talde egongo dira, eta horietako askok hogei kontzertu inguru ematen dituzte urtean.

A.C.: Nik uste dut arazoa ez dela talde falta. Taldeak badaude, eta oso onak, gainera. Baina jendea gero eta gutxiago joaten da talde berriak ezagutzera. Gaur egun hogei kontzertu emanda ere, seguruenik, guztien artean ez dugu izango datorren astean plazan izango dugun publikoaren erdia.

Horrek zaildu egiten du talde batek aurrera egitea?

J.G.: Asko. Ez dugu dirua irabazteaz hitz egiten; askotan, galtzen ez ateratzea bilatu behar dugu. Kontzertu askotan geure poltsikotik jarri behar izaten dugu dirua. Adibidez, jaietako kontzertu horietan afaria izango da jasoko dugun ordainsari bakarra. Aurrekontua itxita zegoen gu programan sartu ginenerako, eta horrela onartu dugu. Baina etorkizunean horrelako aukerak hasieratik kontuan hartzea gustatuko litzaiguke.

A.C.: Udalek ere tokiko taldeen gan gehiago sinetsi beharko lukete. Kanpoko talde handiak ekartzeko diru asko jartzen da, baina bertako taldeei ez zaizkie hainbeste aukera ematen. Horregatik eskertu nahi dugu bai El Drogasek bai Zea Maysek teloneroak izateko erakutsi duten prestutasuna.

Zuen artean ere harreman berezia dago.

J.G.: Bai. Guretzat Orihen erreferentea izan da hasieratik. Beti egon dira laguntzeko prest, eta anaia nagusiaren papera bete dute gurekin.

A.C.: Guri ere ilusio handia egiten digu Makisekin hau partekatzeak. Gu hasi gineneko urte haiek gogorarazten dizkigute askotan, eta poz handia ematen digu hain gazteak izanda aukera hau izateak.

Zer nahiko zenukete lortu kontzertua amaitutakoan?

J.G.: Beste batzuei bidea pixka bat zabaltzea. Ea hemendik aurrera beste tokiko talde batzuek ere antzeko aukera izan dezaketen, hainbeste borrokatzeko beharrik gabe.

A.C.: Herriko jendea pozik dago talde lokalak agertoki nagusian ikustearekin. Gure mezua argia da: etor daitezela kontzertuetara. Izan ere, aukera handia da guretzat, baina baita etorkizunean etorriko diren talde guztientzat ere.