Santixauak 2026 - Ermua

Barre algara artean jokatu dituzte 'jatorrizko bekatua' eta txarangen joko berria

Ander Gomez 2026ko uztailaren 18a

Txaranga Batzordeak antolatutako jokoen azkenaurreko saioa egin zen atzo arratsaldean. Plaza ume, gazte eta familiez bete zen, egunotan lehia bizian ari diren txarangen norgehiagokak ikusteko.

Atzo, barikua, jatorrizko bekatuan eta estreinakoz jokatu zen adreiluen jokoan lehiatu ziren txarangak. Lehenengoan, soka batetik zintzilik zegoen sagarrari koska egin behar zioten, eskuak erabili barik, haren zirkunferentziari ahalik eta azkarren buelta osoa eman arte. Sagarra harrapatzeko ahaleginetan, ustekabeko talkak eta patxo bat edo beste izan ziren, ikusleen artean barreak eta algarak eraginez. Behin baino gehiagotan ere, soka askatu egin zen, eta partaideek lurrean bukatu behar izan zuten proba, sagarrari koska eta koska.

Jatorrizko bekatua bezalako jokoetan txaranga gehienek teknika finduta dute dagoeneko; baina atzoko bigarren jokoa, adreiluena, lehen aldiz egin zen –aurretik egiten zen pringea ordezkatuz–. Egurrezko bi tako hanka azpian jarrita eta eskuarekin banan-banan aurrera mugituz, zirkuitu bat osatu behar zuten zig-zag eginez eta lurra ukitu barik. Bakoitzak bere erara egin zion aurre erronkari: batzuk segituan asmatu eta ziztu bizian osatu zuten ibilbidea; beste batzuk, berriz, estropezuka ibili ziren, eta batek baino gehiagok zorabiatuta bukatu zuen proba.

Sagarra jaten azkarrenak Burusoiltxoak taldeko mutilak izan ziren, eta adreiluen jokoan Mozkorbiziak taldeko neskak nagusitu ziren.

Azken txanpa

Datorren astean bukatuko da txarangen arteko lehia. Astelehenean izango da jokoen azken hitzordua, soka-tiraren finalarekin eta kuboen probarekin. Martitzenean playback lehiaketa egingo da, eta orduan emango dituzte jokoetan nagusitu diren txarangen izenak.