Santixauetako txarangen arteko jokoek azken txanpa bizi-bizia izan zuten atzo. Arratsaldean jokatu ziren txapelketako azken bi probak: sokatiraren finala eta kuboen jokoa. Giro paregabean eta ikuslez inguratuta, txaranga guztiek azken indarrak atera zituzten ahalik eta sailkapen onena lortzeko.
Sokatira txapelketan Zikinak izan ziren nagusi. Horrela geratu zen behin-behineko sailkapena: lehen postuan Zikinak, bigarrenean Barraskilo Azkarrak, hirugarrenean Burusoiltxoak eta laugarrenean Mozkor Biziak. Ondoren, kuboen jokoak hartu zuen lekukoa, eta oraingo honetan, Burusoiltxoak izan ziren nagusitu zirenak.
Horrela, amaiera eman zaie azken egunotan Santixauetako egitarauari hasiera eman dioten txarangen arteko jokoei. Proba bakoitzean lehia izan bada ere, umorea, giro ona eta txaranga guztien arteko elkarbizitza izan dira beste behin protagonista nagusiak.
Playback lehiaketa gaur gauean
Jai giroak, hala ere, ez du etenik izango. Gaur, 22:30ean, playback lehiaketa egingo dute, eta txaranga bakoitzak prestatu duen ikuskizuna oholtza gainean erakutsiko du Santixauetako hitzordu jendetsuenetako batean.