Ceutako indarkeriaren kontra eta migratzaileen eskubideen alde elkarretaratuko dira ermuarrak, gaur

Barrena

Colibres, Ermua Harrera, Komite Internazionalistak, Debabarreneko Kontseilu Sozialista eta Ernai kolektiboek elkarretaratzera deitu dute gaur, barikua, Ceutara "etorkizun hobe baten bila" joan eta itsasoan hil diren 140 pertsonak gogoratzeko. Elkarretaratzea 19:30ean egingo da, Orbe Kardinala plazan.

Albiste barruan, deialdiarekin batera zabaldu duten mezua.

"Dagoeneko hilabete igaro da milaka pertsona Ceutako hiri autonomoan sartu zirenetik, eta horietako askok oraindik ez dute erantzunik jaso beren asilo-eskaerei. Egunak aurrera joan ahala, egoera larriagotu egiten da. Migratzaileen aurkako indarkeria areagotu egiten da, bai eta haiei laguntzen dietenen aurkako jazarpena ere, eta hiriko bizikidetzaren egoerak okerrera egiten du.

Ceutan dauden elkartasun-erakundeekin bat eginez, deitzaileek erantzun instituzional koordinatua eskatzen dute, harrera duina bermatzeko baliabide nahikoak ezarriko dituena. Premiazkoa da identifikazio, erregistro eta asilo-izapideak arintzea, eta lehenbailehen antolatzea penintsularako lekualdaketak.

Erakunde publikoek beren erantzukizuna onartu eta gizatasunez jokatu behar dute, migratzaile guztien duintasuna eta eskubideak bermatuz. Eta kanalak ezarri behar dituzte beren lurraldetik etorkizun hobe baten bila ateratzen diren pertsonek modu seguruan eta legalean bidaiatu ahal izan dezaten, bizitza arriskuan jarri behar izan gabe, Ceutan gertatu den bezala".

Deialdia egin duten Ermuko kolektiboek salatu egin nahi dute, halaber, beren interes politiko arrazistak lehenesten dituztenen eta ehunka pertsona bizitzen ari diren kokaleku prekarioak erretzen eta suntsitzen dituzten pertsonak gaitzesten ez dituztenen jarrera; kaleetan eraso egiten dietenak eta, era berean, laguntza, zaintza, aholkularitza eta elikadura ematen dietenak jazartzen dituztenak.

Arrazakeria eta indarkeria ezin dira normalizatu."

Colibres, Ermua Harrera, Komite Internazionalistak, Kontseilu Sozialista, Ernai.