Neomak taldea arituko da gaur Ermuko Folkez Blai jaialdian

Ander Gomez

Folkez Blai lehiaketaren bigarren eguna izango da gaur, zapatua. Espora eta Ánima taldeek euren folk mediterraneoa plazaratuko dute, eta Neomak euskal taldea izango da gaurko gonbidatua. 

Atzo eman zioten hasiera Folkez Blai jaialdiaren XXI. lehiaketari, lehen bi finalistekin: Musker eta Folk Rippers. Ez ziren, ordea, bakarrik aritu: duela bi urte Vertigo Rock jaialdian izandako Moonshine Wagon talde euskaldunak berriro zapaldu zuen plazako eszenatokia, bere heavy-bluegrass estiloa erakutsiz.

Gaur, zapatua, kalejirarekin hasiko da eguna, 12:30ean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearen eskutik. Arratsaldean ekingo diote lehiaketaren bigarren jardunaldiari: 18:30etik aurrera, Kataluniatik etorritako Espora eta Valentziako Ánima taldeak arituko dira Orbe Kardinala plazako kioskoan. Ondoren, Alaitz Eskudero debarra kide duen Neomak taldea igoko da taula gainera. Urtea Lazturak orbain bigarren diskoa aurkezten hasi eta uda osoa oholtzaz oholtza pasa arren, oraindik ere indarrak gorde dituzte irailerako; eta, gaur, Ermuko plaza dantzan jarriko dute euren folk eta elektronika doinuekin, 21:00etatik aurrera.