Musika tradizionalak gaurko oholtzetan bere tokia duela erakutsi du Folkez Blai jaialdiak

Ander Gomez

Doinu, erritmo, instrumentu eta dantza tradizionalak protagonista izan dira asteburuan Ermuan; eta bakarlari, bikote zein hogei laguneko taldeak igo dira plazako kioskora, Folkez Blai lehiaketaren XXI. aldian. Argazkiak: Garazi Mendieta eta Ander Gomez.

Euskal folka entzun da aurtengo Folkez Blai lehiaketan, baina baita kanpotik etorritako taldeen tokiko folka, eta handik ekarri dituzten instrumentu tradizionalak, zein baino zein bitxiago. Lehen egunean, Musker bikoteak –iaz bigarren sailkatutako Harribitxi taldeko Iker Gonzalez kide duenak– txistu doinuekin zabaldu zuen jaialdia. Ondoren, Folk Rippers taldeak hartu zuen lekukoa, euren burua definitzen duten bezala, “kanta tradizionalak fusionatu eta ‘destripatuz’ dituzten emakumeen banda”.

Zapatuan, Espora talde katalanak –perkusioa egiteko erabilitako pandero karratuak salbu– egungo instrumentuekin ere folka egin daitekeela erakutsi zuen; eta Anima hirukote valentziarrak, mendi erdi atzera la terreta alaitzen zuten kantekin dantzan jarri zuten plaza.

Lehiaketa astearekin batera bukatu zen. Lehenengo, hogei lagunetik gorako Talisker Band taldeak musikariz bete zuen taula gaina, eta esan zutenez, taldearen erdia baino ez zen etorri: dantzari bat ez ezik, talde osoa gaixotu eta etorri ezinda geratu ziren. Hala ere, ikusleak aulkitik altxarazi eta dantzara animatu zituzten. Bukatzeko, Ferla Megia gazte asturiarrak doinu tradizionalak egungo erritmo elektronikoekin nahas daitezkeela erakutsi zuen, eta artista bakarra izanda ere, eszenatokia bete eta plaza berdin-berdin piztu daitekeela.

Bukatzean, epaimahaiak erabakia hartzeko tartea hartu zuen. Espero baino luzeago joan zitzaien, parte-hartzaileek erakutsitako maila, trebezia eta originaltasuna kontuan hartuta. Erlazionatutako albistean XXI. Folkez Blai lehiaketako irabazleak eta hauek interpretatutako abesti bana bideoan.

Erlazionatuak