Folk Rippers eta Espora taldeak garaile

Ander Gomez

Folkez Blai posible egiten duten antolakuntzako eta Udaleko kideak, sari-banaketan. A. Gomez

Gaur iluntzean bukatu da Folkez Blai jaialdia, Madrilgo Talisker Band eta Asturiasko Ferla Megia finalisten emanaldiekin, eta osteko sari-banaketarekin. Antolakuntzatik azaldu dutenez, lan zaila izan da epaimahaiarentzat erabakia hartzea. Bideoak: Garazi Mendieta eta Ander Gomez.

Azken orduan lehiakideen plantillan izan diren aldaketak gorabehera, oso positiboki baloratu dute lehiaketaren XXI. edizioa Folkez Blai jaialdiko antolatzaileek. Alde batetik, eguraldi ona nabarmendu dute, "euria eginez gero ez datorrelako inor, eta bero handia eginez gero, jendea hondartzara doa". Hala ere, datorren urtean tenperatura altuxeagoa izatea ez litzatekeela gaizki etorriko adierazi dute, "bost urte daramatzagu Folkez Blairen 100 abaniko saldu nahian eta... kar-kar".

Txantxak alde batera utzita, maila handiko musikariak dituzten bandak aurkeztu direla azaldu dute, eta estilo aldetik egon den aniztasuna azpimarratu dute: "batzuk doinu tradizionalak berreskuratzearen alde egin dute, bestetzuk folka egungo soinu eta erritmoekin fusionatzeko arazorik ez dagoela garbi utzi...".

Hiru egunotan gozamen izan den aniztasun eta kalitate musikal hori, ordea, buruhauste bihurtu da epaimahaiarentzat lehiakideen kontzertuak bukatu bezain pronto: "debate polita izan dugu erabakia hartzerako orduan", kontatu dute barre hartean. "Eskerrak talde bateratua garela; askotan hobe da bakoitza berera jotzea eta gerra pixka bat egotea, erabakia hobea izan daitekeelako; baina guk ikuspegi antzerakoa dugunez, azkenean adostasun batera ailegatu gara". 

Sarituak

Lehen saria euskal, irlandar, eskoziar, errumaniar eta greziar doinuak fusionatzen dituen Folk Rippers talde euskaldunari eman diote; 3.500 euro eta jaialdiaren XXII. aldian jotzeko aukera.


Bigarren sariaren 2.500 euroak, berriz, Kataluniara joan dira, Esporaren jazz fusioa sarituz.