Ermuko kaleek eta inguruko mendiek Hiru Txikiak Trail lasterketaren bosgarren edizioa hartu dute gaur. Goizean zehar, korrikalariak hiru ibilbideei aurre egiten aritu dira, eta, proba amaituta, badira aurtengo sailkapenetako lehen postuak bete dituztenak.
Guztira, 1.200 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu probak, eta aurten 27 kilometroko modalitate berria gehitu zaie 42 kilometroko eta gazteen probei. Jendetza izan da bai irteera inguruan, bai helmugan. Merkatu Plaza ingurua jendez bete da korrikalariei animoak emateko, eta ibilbidea amaitzen zuten kirolariak ikusleen babesarekin iritsi dira azken metroetara.
Gaston eta Fernandez, 42 kilometroko proban garaile
Julen Gaston Gorritxategi ermuarrak 3:55:06eko denborarekin irabazi du 42 kilometroko proba. Hala ere, ezin izan du aurreko urteko gizonezkoen marka hobetu, Julen Olaizolak iaz 3:52:00an ezarri zuena. Gastonek, gainera, helmugan une bitxia bizi izan du, zinta altxatzen ari zela sorbalda atera baitzaio eta ospakizunak itxaron egin behar izan du.
Emakumezkoetan, Anna Fernandez Bonel izan da azkarrena, 4:38:47ko denborarekin. Aurreko errekorra Sonia Lopezek du, 4:34:30eko denborarekin.
27 kilometroko proba berriko lehen garaileak
Aurtengo nobedade nagusietako bat 27 kilometroko proba izan da. Andoni Osorio Garcia ermuarrak irabazi du gizonezkoen sailkapena, 2:39:07eko denborarekin; María Ricondo Fernández izan da emakumezkoetan lehenengoa, 3:02:11ko denborarekin.
Gazteen proban, berriz, Markel Mendizabal Aranaldek 1:02:26ko denborarekin lortu du garaipena, eta Elaia Izagirre Azkoagak 1:23:59koarekin.