Ermuko Emakumeen* Jabekuntzarako Ikastaroak udazkeneko programazioa abiatu du, emakumeen autonomia, ongizatea eta ahalduntzea lantzeko hainbat ikastaro eta jarduerarekin. Askotariko proposamenak bildu dituzte oraingoan ere; eguneroko bizitzarako baliagarriak diren trebetasunak zein gorputzarekin, sormenarekin eta autozaintzarekin lotutako jarduerak uztartu dituzte.
Askotarikoak
Urriaren 6an hasi zituzte lehenengo ikastaroak. Iturgintza eta elektrizitate ikastaroan, eguneroko etxeko konponketa txikiak modu praktiko eta seguruan egiten ikasiko dute parte-hartzaileek. Sendabelarren ikastaroak, berriz, landareen erabilera ezagutzeko aukera eskainiko du. Zoru pelbikoari buruzko saioek gorputzaren kontzientzia, arnasketa eta mugimendua landuko dituzte, eta barreterapiak zein dantza flamenkoak gorputzaren eta adierazpenaren bidezko ahalduntzea izango dute ardatz. Azkenik, guraizeekin marrazteko ikastaroan sormena landuko dute, papera mozteko teknika baten bidez.
Ikastaro horiez gain, bestelako jarduerak ere izango dira. Urriaren 31n, Kaiting in the night ikuskizuna egingo dute Lobiano Kultur Gunean; zaintzak, denboraren joana eta eguneroko bizipenak umoretik landuko dituzte. Azaroaren 2tik abenduaren 30era, berriz, Ebakinak, ahotsak, bizitzak erakusketa egongo da ikusgai Emakumeen Topalekuan. Abenduaren 15ean, azkenik, adimen artifizialaren erabilera kritiko eta sortzaileen gaineko hitzaldia egingo dute.
Egitarauaren atzean, ordea, ikastaro bakoitzetik harago doan helburu bat dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, "helburua emakumeak ahalduntzea da". Horretarako, ikastaroak emango dituzten irakasle guztiek berdintasunaren inguruko prestakuntza dute, eta helburua parte hartzaileak "ahalduntze maila handiagoarekin" ateratzea da.
Egitarauan lekua dute bai egunerokoan moldatzeko baliagarriak diren ezagutzek, bai norbere gorputza, sorena, ongizatea edo adierazpena lantzeko jarduerek.
Ahalduntzea, esperientziatik
Eskolaren jardueretan parte hatzen duten emakumeen esperientziek ere erakusten dute ikastaroaren helburua ez dela ikaskuntza teknikoetara mugatzen. Horren adibide da Arrate Ramirez, 73 urteko emakumea. Aurten, dantza flamenko eta iturgintza eta elektrizitate ikastaroetan eman du izena, baina urteak daramatza ikastaroetako jardueretan parte hartzen.
Ramirez duela urte batzuk hasi zen eskolara joaten, eta, ordutik, "hainbeste ikastarotan" parte hartu du, kopurua ere ez du gogoratzen. Haren esanetan, ikastaroek ateak irekitzen dituzte, beste emakume batzuk ezagutzeko aukera ematen dute eta harremanak egiteko lagungarriak dira. Haren kasuan, "senar ohiarekin batera egotera mugatutako bizitzaren ondoren, jendearekin harremanetan hastea" zaila izan dela azaldu du, baina ikastaro horiei esker bidea pixkanaka zabaltzen doala.
Horregatik, ikastaro horien ekarpena praktikoa baino askoz zabalagoa da. Iturgintza eta elektrizitateko ikastaroa adibide gisa jarrita, etxean zerbait apurtzen denean konpontzen jakiteak autonomia ematen duela ziurtatzen dute ikastaroetako arduradunek, baina "aurrera egiteko agintea hartzeko" ere balio dute.
Plaza guztiak betetzetik gertu
Herritarrengan eragiten duen interes horren isla da aurtengo izen-ematearen erantzuna. Irailaren 21ean ireki zuten izen-ematea, eta zerrenda guztiak ia-beteta daude. Plaza kopuru baino eskaera handiagoa duten ikastaroak zozketa bidez esleituko dituzte. Ikastaro gehienek bost euroko prezioa dute, eta hainbat jarduera doakoak dira.
Eskolak, azken batean, askotariko ikaskuntzak eta esperientziak partekatzeko espazioa izaten jarraitzen du. Iturgintza konpontzen ikastetik dantza flamenkoan lehen pausoak ematera, edo gorputza ezagutzetik adimen artifiziala erabiltzen ikastera; proposamenen atzean dagoen ideia bera da: emakumeek tresna berriak eskuratzea, autonomia handitzea eta beren arteko sareak indartzea.
Arrate Ramirez Baglietto PARTE-HARTZAILEA
"Urteak daramatzat ikastaroetan parte hartzen, eta, haiei esker, aurrera egiteko agintea hartzen ikasi dut pixkanaka-pixkanaka".
Pilar Rios Ramos ANTOLATZAILEA
"Emakume bakoitzak bere interesen eta beharren araberako espazioa aurkitzea eta gozatzeko aukera izatea nahi dugu".
Jarraian egitaraua ikusgai:

