Gazteentzat herriko historiako hainbat pasarte ezezagunak zirela ikusita eta gertakari horiek modu erakargarrian gaur egunera ekartzeko asmoz sortu zen Ermua binetetan proiektua. 2022an abiatu zen, eta, geroztik, komiki bat kaleratu da urtero. Dokumentazio historikoa oinarri hartuta, gertakari errealak komikiaren lengoaiarekin eta bildumaren unibertsoarekin uztartzen dira. Bakoitzak planeta edo erromatar mitologiako jainko baten izena du, eta Ermuko pertsonaia edo istorio bat du ardatz. Kaleratu berri den komikia bildumako bosgarrena da, eta Venusen erasoa du izenburu.
Azken kontakizun horrek 1972ko Ermura egiten du atzera. Urte hartan, Teresa Murga ikastetxea itxi ondoren, emakume talde batek kalera ateratzea erabaki zuen, euren seme-alabek ikasten jarraitzeko irtenbide bat eskatzeko. Mobilizazio haren atzean, udalerriak bizi zuen hazkunde demografiko azkarra –1960tik 1980ra bitartean, 3.000 biztanle eskas izatetik 18.700 baino gehiago izatera igaro zen– eta horrek eragindako hezkuntza-espazioen beharra zeuden. Eskola bakarra zegoen guztientzat, eta Teresa Murga ikastetxearen eraikinean pitzadurak agertu ondoren ateak itxi behar izan zituen.
Ikasle haien amak, ordea, ez ziren besoak gurutzaturik geratu. Hain zuzen ere, Familia Formazio Zentroan biltzen ziren emakume batzuek antolatzea erabaki zuten, arazoari irtenbidea bilatzeko eta beren eskakizuna plazaratzeko. Ordura arte horrelako aldarrikapenetarako Eibarrera jotzea ohikoagoa bazen ere, protesta Ermuan bertan egitea erabaki zuten. Horrela, Kaltxango errepidea hartu, eta zirkulazioa moztu zuten. Protestak oihartzun handia izan zuen inguruko medioetan, eta erakutsi zuen Ermuko kaleak hartzea ere baliagarria izan zitekeela herriaren helburuak lortzeko.
Istorioa Ermutantes liburuan jasotako kontakizun batean oinarritzen da; bertan, Jesus Lopez Villalba abadeak gaztetan bizitakoak kontatzen ditu. Aurrekoetan bezala, Mikel Begoñak egin du gidoia, Kike Infamek marrazkiak eta Daniel Gojenola arduratu da koloreztatzeaz. Azala ere Infamek egin du, Eugene Delacroixen La Liberté guidant le peuple (Askatasuna, herriaren gidari) obraren berrinterpretazioa eginez eta B serieko zinema-kartelen estetika erabiliz.
Gainontzeko "planeten" istorioak
Ermua binetetan proiektuko lehen komikiak Saturno Ermuan zuen izena, eta Frantzisko Izagirre Patxiko alkatearen eta Alejandro Aranburu Droget pilotariaren bizitzako istorioak kontatzen ditu, 1920 inguruan. Bigarrena Marte eroturik izenburupean argitaratu zen, eta 1794. urtean Frantziako armadak Ermua suntsitu zueneko gertakariak ditu ardatz. Hirugarrenak, Merkurioren hego bizkorrak izenekoak, Patxi Piper pertsonaiaren bitartez apustuen mundua ezagutzeko aukera ematen du, Gipuzkoan joko horiek debekatuta zeuden garaian Ermuan egiten ziren apustuetan oinarrituta. Laugarrena Neptunoren 24 korapiloak izan zen; Ermuko emakume erraketisten historia berreskuratzen du, eta Petra Lizaso da protagonista nagusietako bat.
Segidan, Venusen erasoa komikia osorik: