40 urte betetzea ez da marka makala. Nola bizi duzue urteurrena?
Jesus Angel Rioja: Pozik. Hasi ginenean ez genuen uste 40 urte betetzera iritsiko ginenik. Urte asko dira eta gauza asko gertatu dira tartean.
Nola sortu zen Scorpio?
J.A.R.: Lan egiteko beharrak ekarri ninduen hona, eta 1986ko uztailean hasi nintzen. Hasieratik izan da rock-heavy taberna, eta urteekin heavyan gehiago sakondu dugu.
Beraz, hasieratik argi izan duzue zein izango zen tabernaren nortasuna?
J.A.R.: Bai, hasieratik izan dugu musika ardatz. Estiloan poliki-poliki joan gara gehiago sakontzen, baina beti izan da gure estiloa, nolabait.
40 urte hauetan gauza asko aldatu dira herrian, baita festan ateratzeko modua ere. Nola aldatu da Scorpioren publikoa?
Yosu Rioja: Lehen, jende gehiago etortzen zen inguruko herrietatik. Orain ere badator jendea kanpotik, eta badago duela 20 edo 30 urte etortzen zen publikoa ere. Baina, orokorrean, belaunaldiak asko aldatu dira eta gaur egun beste giro bat dago.
Eta, hala ere, heavyaren nortasunari eutsi diozue.
Y.R.: Bai. Beste taberna asko aldatzen joan dira urteekin, baina guk heavy taberna izaten jarraitu nahi dugu. Hori da Scorpioren nortasuna.
Zein izan da 40 urte hauetako unerik zailena?
Y.R.: Urte konplikatuak izan ditugu, pandemiaren ondorioz gauzak izugarri aldatu dira eta aurretik ere urte gogorrak izan ditugu. Baina, azkenean, beti lortu dugu aurrera egitea.
Zu, Yosu, oso gaztetan hasi zinen hemen lanean.
Y.R.: Bai; aitaren tabernan zerbitzari lanetan hasi nintzen 14 urterekin. Hemen hazi naizela esan daiteke.
Eta noiz hartu zenuen Scorpioren jabetza?
Y.R.: Aitak 2019an utzi zidan taberna, eta 2020ko otsailean sinatu nuen kontratua.
Eta handik gutxira, pandemia iritsi zen.
Y.R.: Bai; oso hasiera zaila izan zen. Hasieran ez nuen tabernaren jabetza hartu ere egin nahi, banekien izugarrizko ardura izango zela, eta hasiera ez da erraza izan.
Bihar, 40 urteak ospatzeko festa egingo duzue. Zer prestatu duzue?
Y.R.: Bazkaria egingo dugu Batzokian, 70 lagun baino gehiago elkartuko gara bertan. Eta gero, kontzertuak Orbe Kardinala plazan, Norbac, Cien Duros eta Patxa taldeen eskutik.
Zergatik aukeratu dituzue hiru talde horiek?
Y.R.: Batez ere, Ermuko taldeak lehenetsi nahi genituelako. Gainera, hiru taldeek oso harreman estua izan dute beti Scorpiorekin; beraz, horrelako ospakizun bat antolatzeko orduan ezin genituen kanpoan utzi, gure historiaren parte ere badirelako.
Lau hamarkada igaro ondoren, zer nahiko zenukete hemendik aurrera?
Y.R.: Jarraitu. Scorpio heavy taberna izaten eta urteurrenak ospatzen jarraitzea. Nork daki zer daukagun aurretik.