Ermuko Udalak udalerri osoa eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. Azaldu dutenez, eskaeraren eta harekin batera aurkeztutako ekintza-planaren helburua da herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago izatea, bereziki gazteen emantzipazioari eta alokairuaren kostuari aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonen egoerari erreparatuta.
Eremu tentsionatu izateko baldintzak betetzen ditu Ermuak
Eskaera egiteko erabilitako argudioetako bat azken urteetako alokairuaren prezioaren bilakaera izan da, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Behatokiaren datuak erabili ditu hori justifikatzeko. Haien arabera, 2018 eta 2023. urteen artean, alokairuaren batez besteko errenta 483,6 eurotik 583,4 eurora igo zen Ermuan, eta %20,6ko igoera hori eremu tentsionatu izendatzeko ezarritako muga baino handiagoa da. Araudiak dioenez, bost urteko epean, alokairuaren prezioaren igoerak EAEko KPIren hazkundea gehi hiru puntu baino handiagoa izan behar du gune bat tentsionatu izendatzeko. 2018-2023ko aldirako %19,6koa zen gainditu beharreko muga hori, eta, Ermuak %20,6ko igoera izan duenez, puntu bat handiagoa da.
Azken datuek ere alokairuaren prezioak gora egiten jarraitu duela erakusten dute. Behatokiaren Alokairu-merkatuaren Estatistikan jasotzen denez, kontratu berrien hileko batez besteko errenta 642,3 eurora ailegatu zen 2025ean. Zazpi urteko tarte horretan, beraz, %32,8ko igoera izan da; %20,7koa 2020tik 2025era.
Alokairurako eskaera, Etxebiden ere agerian
Prezioaren bilakaerarekin batera, etxebizitza babestuaren inguruko eskaerak ere alokairurako aukerak handitzeko beharra agerian lagatzen duela dio Udalak. 2025ean, Ermuan erroldatutako 468 lagunek eman zuten izena Etxebiden. Jaurlaritzaren etxebizitza eskaintza eta eskaria kudeatzeko zerbitzuan izena ematean, etxebizitza alokairuan edo jabetzan eskuratzeko nahia zehaztu beharra dago, eta ia 500 ermuar haien %85,7k alokairuko etxebizitza eskatzen zuten.
Alokairu eskuragarriko eskaintza handitzeko, Udalak Jaurlaritzaren Bizigune eta ASAP programetan dauden etxebizitzen kopurua handitu nahi du. Gaur egun, 138 etxebizitza daude Bizigune programan Ermuan, eta beste bi ASAP programan. Bi programen bidez, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura bideratzen dira, prezio eskuragarriagoetan.
Alokairurako neurriez gain, etxebizitza babestua eta birgaitzea ere sustatu nahi dira
Egoera horri erantzuteko, Udalak hemezortzi neurri jasotzen dituen hiru urteko plana aurkeztu du. Neurrien artean daude etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza handitzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura bideratzea, birgaitzea sustatzea eta etxebizitzen bizitegi-erabilera bultzatzeko neurri fiskalak ezartzea.
Ermuan orain arte eraikitako 630 etxebizitza babestuak erosketa-erregimenekoak dira, eta 2026-2028ko aldian beste 32 eraikitzea aurreikusten da: hamasei etxebizitza babestu alokairuan eta hamasei etxebizitza tasatu. Horrez gain, Betiondon 80 zuzkidura-bizitoki eraikitzea aurreikusten da, 35 urtetik beherako gazteei aldi baterako alokairu eskuragarria eskaintzeko. Gaur egun, Ermuak 57 zuzkidura-bizitoki ditu.
Era berean, Guardia Zibilaren kuartelaren egungo kokalekuan babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko asmoa azaltzen da. Planaren arabera, zortzi eta hogei etxebizitza artean lor litezke.
2026-2028ko aldian 32 etxebizitza babestu eta 80 zuzkidura-bizitoki egitea jasotzen du planak
Etxebizitza-parkea handitzeko beste bide bat beheko solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzea izan da. Guztira, 65 merkataritza-lokal etxebizitza bihurtu dira; batez ere, erdigunean eta San Antonion. Udalak ordenantza aldatzea ere aurreikusten du, erabilera-aldaketatik sortutako etxebizitzak udal-etxebizitza tasatu bihurtzeko.
Hutsik dauden etxebizitzei dagokienez, 386 etxebizitza ez-nagusi identifikatu dituzte; hau da, pertsonarik erroldatuta ez dutenak. Hala ere, planak berak ohartarazten du erroldatuta ez egoteak ez duela esan nahi etxebizitza erabiltzen ez denik. Horregatik, etxebizitza hutsen azterketa egingo dute, horien ezaugarriak eta alokairu-merkatura bideratzeko benetako aukerak ezagutzeko.
Jaurlaritzaren erabakiaren zain
Eremu tentsionatu izendatzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa Eusko Jaurlaritzak aztertuko du orain. Prozedurak aurrera eginez gero, informazio publikoaren eta alegazioen aldia zabalduko da, eta, ondoren, administrazioak erabakiko du Ermua izendapen horretan sartzen den edo ez.