Olatz Etxeberria arkitekto teknikoak gidatu zuen bilera, eta dokumentuak idatzi dituen Trion enpresako Gabriel Chapa hirigintza-arkitektoak eman zituen xehetasunak. Bertaratutako gehienak inguruko jabeak eta bizilagunak izan zirenez, aurkezpena laburtu egin zuten, haien kezkak entzun eta zalantzak argitzeko.
Bisitariak erakartzearen kontra
Lur-jabeek garbi utzi zuten ez dutela erabilera berririk sustatu nahi, bisitari gehiago erakartzeak egungo "arazoak areagotu egingo lituzkeelako". Kalteen artean zeuden zaborrak, hondatutako hesiak, ateak zabalik uztea eta, beraz, animaliak aske uztea... eta, "nagusia", Elorreta Bidearen arriskua. Bi auto gurutzatzeko estuegia dela-eta amildegiaren arriskua azpimarratu zuten: "Noizean behin igotzen direnentzat, agian, ez da hainbesterako arazo, baina lauzpabost aldiz igo behar dugunontzat eguneroko arriskua da". Erabilera berriak sustatuz gero, bi erreiko errepidea beharko litzatekeela bota zuten, "Trabakuan egin bezala".
Etxeberriak erantzun zuen horrek kostu handia izango lukeela, baina lehentasuna inguruko etxebizitzetarako sarbidea hobetzea izango dela beti. Chapak sarbidea kontrolatzeko pibote automatikoak edo matrikulak irakurtzeko kamerak aipatu zituen, baina zalantzan jarri zen horrek baserrietara doazen gainerako pertsonen sarbidea mugatuko ote lukeen.
Leheneratzearen alde
Ortu ekologikoak, merenderoak eta barbakoak jasotzen ditu planak, baina, jabeen ustez, autoen erabilera –tresneria, janaria, umeak eta abar igotzeko– eta zaborraren zein suteen arriskua handitzea ekarriko luke horrek. Horregatik, eremua leheneratzearen alde daudela esan zuten: basoberritu eta errekaren ibilgua berreskuratu. Ermua Hiri Lagunkoia adinekoen taldeko ordezkariak adierazi zuen hondakinek eta lur-mugimenduek eragindako "irudi hori desagertzea" eta ingurunea "berriro berde ikustea" nahikoa litzatekeela.
Aurkeztutako hiru alternatiba-blokeetatik –0, 1 eta 2–, 0-aren alde agertu ziren, baina kritikatu zuten aukera hori "esku-hartzerik ez egitea" eta eremua "bere horretan narriaduraren menpe" lagatzea bezala aurkeztu izana. Udalak azaldu zuen planteamendu hori 1 alternatibatik gertuago legokeela. Hala ere, jabeek gogorarazi zuten obrak amaitutakoan Aldundiari dagokiola zabortegi bezala erabilitako eremua leheneratzea.
Lurraren egoera eta eremuen babesa, zalantzan
Mantxibar-Oterren azterketa geoteknikoa, betelanari buruzko dokumentazio teknikoa eta zabortegiaren itxiera formala egin barik daude. Gauzak horrela, jabeek zalantzan jarri zuten aisialdirako erabilerak proposatzea lurzoruak zer jasan dezakeen jakin barik. Chapak argitu zuen erabilerak arautzeak ez duela esan nahi ezer eraikiko denik, eta ezingo dela kiroldegirik edo bestelako eraikin handirik egin. Ortuak jarriz gero, ura edo argia eramatea azter liteke, baina ez dago aurreikusita. Udalak gogorarazi zuen Plan Bereziaren helburua ez dela proiektu zehatz bat egitea, baizik eta etorkizunean zer erabilera baimendu eta mugatu zehaztea. Zabortegia itxi barik egonda, lur gehiago botatzeko aukeraz ere galdetu zuten, mendebaldeko saihesbideko obretakoak kasu, baina ezezkoa eman zuen Udalak.
Urkon adostasun handiagoa egon zen arren –alde guztiek parke eolikoen eta halako proiektuen aurrean blindatzea defendatzen zuten–, zalantzan jarri zen Plan Bereziak etorkizuneko proiektuak eragotziko ote lituzkeen, araudia aldatzea posible denez gero. Chapak aitortu zuen ezin dela bermatu, baina eremuon paisaia-, natura- eta identitate-balioak dokumentuan jasotzeak etor litezkeen proiektuen aurrean defentsarako oinarri sendoa emango lukeela.
Ekarpenak idatziz egiteko eskaera
Bileran jasotakoak baliagarri zirela esan arren, proposamenak idatziz bidaltzeko eskatu zuen Udalak. Gaur, urriak 16, da azken eguna, eta Udalaren webguneko formularioaren bitartez, ekarpenak@ermua.eus helbidera idatzita edo Abiapuntun aurrez aurre egin daitezke.
Lur-jabeek kritikatu zuten herritar guztiei erabileren artean bozkatzeko aukera emanez gero aisialdirako azpiegiturak hautatuko lituzketela. "15.000 lagunetik 14.000 merenderoak jartzearen alde daude ziur, eta ulertzen dugu, baina gu gara egunero ondorioak jasaten ditugunak, eta horrelako erabilerek gure lur eta errepideetan ditugun arazoak larriagotuko lituzkete".