Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen baitan, Energiaren Eguna antolatu zuen aurrenekoz Ermuko Udalak iaz. Santa Ana auzoan egin zituzten jarduera gehienak; tartean: eguzki-energiari eta kontsumo arduratsuari buruzko tailerrak, CO2 isuriak murrizteko dinamikak, konpromisoen horma-irudi kolektiboa eta trantsizio energetikoari buruzko erakusketa. 65 bizilagunek osatu zuten pasaporte energetikoa, eta ekintza haietan guztietan parte hartu zuten.

Santa Anan egin zuten iazko Energiaren Eguna; aurten, San Pelayo aldean egingo da. UDALA
Etzi, hilak 24, Energiaren Egunaren bigarren aldia egingo dute San Pelayon. 11:00etatik 15:00etara, herritarrek hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute; besteak beste, energia sortzeko bizikletetan, erruletan eta horma-irudi kolektiboan. Aurten, pasaporte energetikoa osatzeko nahikoa izango da bi ekintza egitea, eta, trukean, opariak emango dituzte.
Arratsaldean, Ermua Antzokian jarraituko du egitarauak. 19:30ean, Algortan enkailatutako itsasontzi ingeles batek zeraman ikatzaren lapurretaren inguruko Inurri itsuak filma emango dute, euskaraz (erosi sarrerak hemen). 22:00etan, Digger proiektatuko dute, gaztelaniaz (sarrerak hemen); Tom Cruisek interpretatzen duen petrolio-handiki batek eragindako ingurumen-hondamendia du ardatz.