Sona handia lortzen ari den nazioarteko sari horretarako 140 proposamen aurkeztu zituzten mundu osoko hamabost herrialde baino gehiagotako egileek, hala nola Argentina, Italia, Frantzia, Brasil eta Mexikokoek. Epaimahaiak ondoen baloratutako lana Charo Pita galiziar idazlearen eta Marjorie Pourchet frantziar ilustratzailearen ¡Tira que tira! albuma izan da, 10.000 eurorekin sarituko dena eta argitaratua izango dena OQO argitaletxearen kolaborazioarekin.
Txabi Arnal Gil ermuarrak idatzi eta Roger Olmos Pastor bartzelonarrak ilustratutako Diez gatos aburridos lanak accesita izateko merezimenduak dituela eman du aditzera epaimahaiak, eta goraipatu du istorioaren talde-abenturarako gonbidapen ludikoa eta baita porrota ikaskuntza gisa proposatzearena, pertseberantzia funtsezko jarrera modura hartuz. Horrez gain, haren irudi koloretsuek kontakizuna zabaltzen dute, esperientzia aktibo eta partekatua sustatzeko.
Nork bere arloan, Arnalek zein Olmosek hainbat lan argitaratu dituzte, eta biak ala biak sari eta aitortza ugari jasotakoak dira. Aurretik beste bi lanetan elkarrekin aritu izan dira,
La leyenda de Zum eta El Rompecabezas; azken hori, Manu Arnal anaiarekin batera idatzitakoa. Rogerren proposamena iritsi zitzaionean, "etorri nahi duzu nirekin lehiaketa horretara?" esan eta elkarrekin zeozer sortzeko gonbita eginez, ez zuen zalantzarik egin. Idatzita eta gordeta zuen umeei zuzendutako katuen istorio "ganberro, dibertigarri, irudimentsu" hura bidali, lagunak ilustratzeko funtsa bazuela ikusi eta proiektua aurkeztu ostean, 140 haien artean aukeratua izatearen ohorea etorri zaie bi egileei.
Urrian argitaratuko da
Diez gatos aburridos lanak diru-saririk jasoko ez duen arren, urrian album irabazlea bezala eta harekin batera argitaratua izango da. Sari banaketa eta bi liburuen aurkezpena Liburutegien Nazioarteko Egunaren harira egingo da, Fuengirolan, eta egileei pare bat hitzaldi egiteko aukera eskaini diete. Pozik, oso pozik dago ermuarra, sariak dakarrenagatik, zelan ez, eta hitzaldiek haren jardunaz berba egiteko aukera zabaltzen diotelako. "Haur literatura nola ulertzen dudan, nola praktikatzen dudan, nire filosofia berarekiko nolakoa den azaltzeko", haren esanetan.