‘El hijo de todos’ filmaren grabaketak hasi dituzte gaur Ermuan

Garazi Mendieta

Alvaro Brechnerrek zuzendutako filmak herriko hainbat kale eta plaza hartuko ditu datozen asteetan, eta grabaketa lanek trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute. 

Ermuko kaleak zinema-plato bihurtuko dira gaurtik aurrera. Alvaro Brechner zinemagileak zuzendutako 'El hijo de todos' filmaren grabaketak atzo hasi zituzten Deban, eta gaur Ermura iritsi da ekoizpen-taldea. Datozen asteetan hainbat gunetan arituko dira lanean. Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketa izango ditu hizpide filmak, familiaren bizipenak eta gizartearen erantzuna ardatz hartuta. 

Gaurko grabaketak Iparragirre kalean eta inguruetan egiten ari dira, besteak beste. Eguneko lanak 06:00etan hasi dira, eta 20:00ak arte luzatzea aurreikusten dute. Hurrengo egunetan ere herriko hainbat gunetan filmatuko dute, ordutegi eta kokaleku ezberdinetan. 

Grabaketak herriko hainbat txokotan 

Urriaren 28an, asteazkenean, Martxoaren 8a plazaren inguruan egingo dituzte grabaketak, 16:00etatik 02:00etara. Ostegunean, urriaren 29an, Batzokiko pilotalekuan eta El Rincon tabernaren ondoko kalezuloan arituko dira, Merkatu plazaren inguruan, 12:00etatik 01:00era. Ostiralean, hilaren 30ean, Orbe Kardinala plazan egingo dute lan, ordutegi berean. 

Azaroaren 3an, asteartean, udaletxeko kalean grabatuko dute, Batzokiaren pare ingururaino. Egun horretako grabaketetako bat manifestazio bat irudikatzea izango da. Azaroaren 6an, ostiralean, berriz, kiroldegiaren inguruan, Mallabirako errepidean, Diputazio kalean eta San Pelaio inguruan arituko dira. Egun horretarako grabaketak 05:00etan hasi eta 18:00ak arte luzatuko dira.

Horrez gain, azaroaren 25ean eta 26an ere grabaketak egingo dituzte udaletxe barruan, egunez. 

Trafikoan eta aparkalekuetan aldaketak

Grabaketek eragina izan dezakete ibilgailuen zirkulazioan eta aparkalekuetan. Ekoizpen-lanak egingo diren guneak 72 ordu lehenago seinaleztatuko dituzte, eta herritarrei kartelei eta seinaleei arreta jartzeko eskatzen zaie, bereziki ordutegiei dagokienez. Seinaleetan murrizketak “beste abisu bat eman arte” mantenduko direla adierazten da, baina aurreikuspenen arabera, ez dute bi egun baino gehiago iraungo leku bakoitzean. 

Eguraldiak egutegian aldaketak eragin ditzake, batez ere euri asko egiten badu. Hala ere, eguraldiak horretarako aukerarik ematen badu, aurreikusitako datetan egingo dituzte grabaketak. 

‘El hijo de todos’ ez da datozen asteetan Ermuan filmatuko duten lan bakarra izango: Félix Viscarretek zuzendutako ‘Blanco’ filmaren lantaldea ere herrian izango da azaroaren 5ean.