Gau Beltza–Arimen Gaua

Mozorroek eta misterioak hartu zuten Ermua Gau Beltzean

Garazi Mendieta

Ume eta gaztetxo ugari bildu ziren atzo egindako bi jardueretan. Udalak antolatutako disko-festak arratsaldea girotu zuen, eta Antxitxiketan Aisialdi Taldearen kluedo misteriotsuak 130 bat parte-hartzaile elkartu zituen. Argazkiak: Ander Gomez eta Garazi Mendieta

Mozorroek, musikak eta dantzak hartu zituzten Ermuko kaleak Gau Beltzaren ospakizunean. Atzo arraltsaldean, Udalak eta Antxitxiketan Aisialdi Taldeak hainbat jarduera antolatu zituzten ume eta gaztetxoentzat, eta bi proposamenek izugarrizko erantzuna izan zuen.

Udalak antolatutako disko-festa izan zen arratsaldeko lehen hitzordua. 17:30etik 20:30era, mozorroak jantzita gerturatu ziren umeek musikaz, dantzaz eta lagunarteko giroaz gozatu zuten. Hiru orduz, musika izan zen Orbe Kardinala plazako protagonistetako bat.

Ondoren, Antxitxiketan Aisialdi Taldearen kluedo misteriotsuaren txanda iritsi zen. 130 bat ume eta gaztetxok hartu zuten parte, 19 taldetan banatuta. Parte-hartzaileek Merkatu Plazan antolatutako ibilbideari ekin zioten, Gau Beltzari zegokion giro beldurgarrira egokituta.

Horrela, musika eta misterioa uztartu zituzten urriaren 31ko ospakizunean, arratsaldean hasi eta gauera arte luzatu zen egitarauan.