Bihar, azaroak 14, Euskal Birusa Elkarteak antolatutako 36. San Martin Azoka egingo dute Ermuan. 11:00etan hasiko da, elikagai eta artisautza postuen irekierarekin. Aurten, 41 ekoizlek jarriko dituzte salgai euren produktuak Orbe Kardinala plazaren inguruan. Ohi bezala, fruta eta barazkiak, ogia, gazta, eztia, sagardoa eta txakolina eramango dituzte, baina baita gozogintza- eta ahate-produktuak ere.

Azokaren planoa. NORA GASTON
Santiago plazan, berriz, hamahiru artisau egongo dira, bitxiak, arropa, motxilak, xaboiak, kandelak eta eskuz egindako beste hainbat lan erakusten. Gainera, salmentaz gain, lanbide tradizionaletara gerturatzeko aukera emango dute artisauek; tartean, saskigintza eta zapatari-lan erakustaldiak izango dira. Goiko parkean Ermuko lau ikastetxeek –Anaitasuna, Eskolabarri, San Lorenzo eta Ermua BHI– beren azoka propioa izango dute, eta Ermuko Tonbolak ohiko elkartasun-ekimenari eutsiko dio.
Abereak, dantza eta herri-kirolak
Azokaren bereizgarrietako bat izango da, beste behin, baserri-giroa herrigunera eramatea. Iaz ezin izan zituzten abereak erakutsi, dermatosi nodular kutsakorraren hedapena saihesteko abereen kontzentrazioak debekatu zirelako urri bukaeran. Aurten, ordea, Martxoaren 8a plazara bueltatuko dira ardiak, behiak, astoak, txerriak eta hegaztiak. Idi-parea Probalekun izango da ikusgai. Artaldea, berriz, goizean goiz jaitsiko da Berano Txikitik, eta 14:00etan berriro ere zeharkatuko ditu herriguneko kaleak.
Kultur eta kirol emanaldiak eguerdian hasiko dira: Txindurrikoak Orbe Kardinala plazan dantzatuko dira eta Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoiek kalejira egingo dute, San Pelayo kaletik abiatuta. Ordu berean, herri-kirol erakustaldia egingo dute Komentukua kalean: aizkoran Irati Astondoa eta Mikel Agirre arituko dira, eta harrian, Izadi Agirre eta Haritz Aranguren. Umeek Kulkiren jolasak izango dituzte San Martin plazan, eta Martxoaren 8an ardi-mozte erakustaldia egongo da.
13:30ean ezagutaraziko dituzte azokako irabazleak, Orbe Kardinala plazako kioskotik. Sarituko dituzten ekoizleen produktuen artean, euskal pastela da aurtengo berritasuna. Horrez gain, saltokirik txukunenari eta bertako komertzioen erakusleiho-lehiaketako irabazleei garaikurrak emango dizkiete.
Sari-banaketa bukatzean, 14:00etan, Gazte Asanbladak deitutako Euskararen Aldeko Gazte Brindisa egingo da.
Errifa, argazki-lehiaketa eta kalabaza-postura
Saltzaileak ez dira sariak eskuratzeko aukera izango duten bakarrak. Herritarrek errifaren zozketan parte hartu ahal izango dute –prezioa, 1 euro–, eta bi sari potolo irabazteko aukerarekin: 400 euro –txerriaren balioa– eta Nekaturren 200 euroko bonua, landetxe batean erabiltzeko.
Azokara baserritar jantzita joaten direnek argazki-lehiaketan parte hartu ahal izango dute, eta Errigorako produktuz osatutako otarrea irabazi. Horretarako, argazkia bidali beharko dute @euskal_birusa Instagram kontura, mezu pribatuz, 18:00ak baino lehen. Bakarka zein taldean atera daiteke, eta kalean eta azokako giroa erakutsiz egitea proposatu dute antolatzaileek. Sari-banaketa 19:45ean egingo dute, errifaren zozketarekin batera.
Kalabazaren pisua asmatzeko posturak ere parte-hartzaile asko bilduko ditu. Iaz, 300 apustu baino gehiago egin zituzten, eta beste hainbeste euro jaso zituzten sari kalabazaren pisura gehien hurbildu zirenek.
Baba-jana, larrain dantza eta erromeria
Eguerdiko ekintzen ondoren, herri-bazkaria egingo dute, 15:30ean, Merkatu plazan. Bazkalostean, 17:00 aldera, Txerokiak taldeak girotutako Ermuan kantuan saioa egongo da, eta talde berak plazara bueltatzeko kalejira egingo du 19:00etan.
Eguna amaitzeko, larrain dantza egingo dute, 20:00etan, plazan, eta, ondoren, Gauargi taldearen erromeria hasiko da. Hala, San Martin Egunak azokako postuak bisitatzeko eta bapo jan eta edateko aukera eskainiko du goizean, eta kantuz eta dantzaz gozatzekoa arratsaldean eta gauean.

MARI KARMEN URKIDI
ZAPI-JARTZAILEA
"1989ko azokako lehen edizioan izan ezik –demaseko euritea izan zen–, urtero jarri dut zapia; ea amari ikasitakoak transmititu eta azoka zapiz –edo txapelaz– betetzeko aukera dugun".

JOKIN TXAPARTEGI
ORE-EGILEA
"Orea egiteko orduan, taloa erosteko sortzen diren ilara luzeek dakarte exijentzia; ea orearen puntua asmatzen dugun: ez siku, ez umel, jendeak gustura jan dezan".

IRATXE ODRIOZOLA
DANTZA IKASTAROKO IRAKASLEA
"Ederto pasatu dugu 'erromerian galduta ez ibiltzeko' Txindurriren dantza-ikastaroan; bihar, landutakoa praktikan jartzea eta disfrutatzea besterik ez zaigu falta".

IÑIGO IZAGIRRE
POSTURA-HARTZAILEA
"Kuadrillako hainbat lagun ibiliko gara postuetan txandak egiten; azken batean, herritar bakoitzak bere harri-koxkortxoa jarri ezean ez dago sanmartinik".

NORA GASTON
KOORDINATZAILEA
"Euskal Birusa ia-ia iazko azokatik ari da lanean, eta bihar ere izango dugu zeregina 400 boluntariook; baina San Martin izanik, festarako tartea ere aterako dugu, noski".