San Martin azoka

San Martin Azokako produkturik onenak saritu dituzte

Garazi Mendieta

San Martin Azokaren 36. edizioaren barruan, Euskal Birusa elkarteak antolatutako produktu-lehiaketako sariak banatu dituzte gaur eguerdian. Fruta eta ortuariak, gazta, ogia, euskal pastela, eztia, sagardoa eta txakolina izan dira epaimahaiak baloratutako produktuak.

Epaimahaia hainbat arlotako ordezkariek osatu dute: Bizkaiko Erlazainen Elkarteko Jose Benito Behobidek, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Bittor Rodriguezek, Landa Garapeneko Elkarteko Julen Arzuagak, Euskal Birusa elkarteko Asier Ibaibarriagak, herriko ordezkari Fernando Orbek eta Piedi Eizagirrek eta Ermuko Udaleko Arri Araiztegik.

Epaimahaikideek aurkeztutako produktuen kalitate ona nabarmendu dute. Horrez gain, fruta eta ortuarien kategorian bi gaztek parte hartu izana azpimarratu dute. Belaunaldi berrien presentzia azokarentzat garrantzitsua dela adierazi dute, gazteak ere bertan ikustea pozgarria dela iritzita.

Hauek izan dira produktu-lehiaketako irabazleak:

  • Fruta eta ortuariak: Jose Antonio Fernandez Vazquez (Ermua), lehen saria; Maria Pilar Mallabia (Mallabia), bigarren saria.
  • Gazta: Aitor Urien (Abadiño), lehen saria; Patxi Baskaran (Markina-Xemein), bigarren saria.
  • Ogia: Luis Mari Osa (Mañe, Mallabia).
  • Euskal pastela: Lourdes Gutierrez (Ermua).
  • Txilar eztia: Mikel Jauregialzo (Oñati).
  • Milalore eztia: Igor Merino (Barakaldo).
  • Sagardoa: Jose Antonio Bilbao (Markina-Xemein).
  • Txakolina: Eli Bergliatua (Deba).
  • Aipamen berezia: Ander Urkia (Eibar).

Erakusleiho lehiaketako irabazleek ere haien sariak jaso dituzte oholtza gainean. 

Bestalde, kalabazaren pisua asmatzeko apustuko irabazlea ere jakinarazi dute. Guztira, 343 apustu egin dituzte, eta kalabazak 3,95 kilo pisatu ditu. Asun Sebastian izan da irabazlea, eta 240 euroko saria eskuratu du. 

Sari-banaketa amaituta, euskararen aldeko brindisa egin dute, azokako ospakizunei jarraipena emateko.