Izen-ematea zabalik dago Ermuko robotika tailerretan parte hartzeko

Garazi Mendieta

Azaroaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak, Abiapuntu bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Ermuko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Alorrak gaur irekiko du 6 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteentzako robotika tailerretan izena emateko epea. Hiru saio antolatu dituzte, abenduaren 28an, 29an eta 30ean egiteko, STEAM gaitasunetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) lehen urratsak emateko helburuarekin.

Tailer bakoitzean gehienez 12 lagunek parte hartu ahal izango dute. Izena eman nahi dutenek azaroaren 27ra arte aurkeztu beharko dute eskaera, biak barne. Horretarako, bi aukera izango dituzte: aurrez aurre, Abiapuntu bulegoan, 8:30etik 14:30era; edo online, udalaren egoitza elektronikoaren bidez, eguneko 24 orduetan.

Onartutako parte-hartzaileek 31,40 euroko tasa ordaindu beharko dute, 32. Ordenantza Fiskalak ezarritakoaren arabera. Eskatutako plaza kopuruak eskainitakoak gainditzen baditu, zozketa publikoa egingo dute abenduaren 2an. Behin betiko onartuen zerrenda, berriz, abenduaren 10ean argitaratuko dute.