Mobilizazioaren bidez, matxismoaren aurkako mugimendu indartsua eraikitzearen eta kale mailako mobilizazioa zein antolakuntza independentea sustatzearen beharra azpimarratu nahi izan dute. Halaber, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen babesa bermatzeko kalitatezko etxebizitza eta beharrezko baliabide profesionalak aldarrikatu dituzte, eta erasotzaileei aurre egiteko erantzun kolektiboa eskatu dute.
Hona hemen Itaiak zabaldutako adierazpen osoa:
Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako egunean, matxismoaren aurkako borroka indartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Izan ere, urte honetan ere lehen mailako arazo izaten jarraitu du emakumeontzat: 10.000 emakume baino gehiago izan dira erasotuak. Euskal Herrian zehar hainbat forotan aritu dira emakumeon irudiak zabaltzen; hainbat lekutan kamarak ipini dituzte emakumeak grabatzeko; adingabekoen kontrako indarkeriak gora egin du eta matxismoaren adierazpenik krudelenak ez du etenik izan: dagoeneko 5 emakume erailak izan dira.
Egoera larria da eta matxismoa amaitzeko bideorria garatzeak izan beharko luke lehentasuna. Baina instituzioak ez dira gai indarkeria matxista ezabatzeko eta alderdi politikoentzat ez da lehentasunezko auzia. Instituzioetatik bere kudeaketara soilik mugatzen dira, horretarako, ordea, gero eta baliabide gutxiago bideratzen dituzte, eta ez dute emakumeon babesa bermatzen: urruntze-aginduen urraketak; prozedura burokratiko amaigabeak; erasotzailea seinalatu beharrean, emakumeen hitza etengabe zalantzan jartzea. Gainera, kasu askotan erasotuak izan diren emakumeei ez diete kalitatezko etxebizitza-alternatibarik bermatzen; izan ere, askori aterpetxe edo pisu partekatuak eskaintzen dizkiete, zenbaitetan, gainera, gizonezkoekin partekatu behar dituztenak; edota babes pisuetatik kanporatzen dituzte.
Horren aurrean, gaurdanik, indarkeria matxista jasan duten emakumeen babesa bermatzeko borroka egitea ezinbestekoa da, batetik, babesgunea izango den kalitatezko etxebizitza izateko, hasieratik eta inolako baldintzarik gabe. Bestetik, beraien ongizatea bermatzeko beharrezkoak diren baliabide profesionalak eskura ditzaten.
Agerikoak dira instituzioek eta agintean dauden alderdiek dituzten gabeziak indarkeria matxistari aurre egiteko. Adibiderik argigarriena Espainiako Estatua dugu: azken zortzi urteetan, ustez gobernu "aurrerakoia" izan bada ere, emakume langileon bizi baldintzak okertu egin dira eta indarkeria matxistak eguneroko ogia izaten jarraitu du. Kontrara, PSOEren gobernua izan da emakume langileon problematika lantzeari uko egin diona. Eta, oro har, kaleko mobilizazioak eta erantzunak apaldu dituzte, aldarrikapenak instituzioetara bideratuz. Horrek emakume langileon borroka bigarren planora eramatea eta gure emantzipazioara bidean aurrerapausurik ez ematea ekarri du.
Bien bitartean, faxismoa gobernuaren bete gabeko promesetatik eta hipokrisitik elikatzen ari da. Eta argi eduki behar dugu faxismoa emakume Langilearen aurkako proiektua dela. Emakume langileok jasaten dugun egiturazko zapalkuntza ukatzen dute eta gure zapalkuntzan sakontzeko neurriak proposatzen dituzte: indarkeria matxistaren aurkako legea deuseztatzea edo abortatzeko eskubidea ukatzea. Hain zuzen, beraiek emakume langileok deshumanizatu eta zapaldu nahi gaituzte, besteak beste: esanekoa, isila, bakartia, zaintzaileak izan gaitezen. Ezin dugu emakume langileon aurkako diskurtso eta neurri horiek normalizatzen utzi. Lehentasunezko auzia da, kale mailan matxismoaren eta faxismoaren zabaltzeari aurre egitea.
Azkenik, kontuan izan behar dugu gizarte kapitalistaren baitan matxismoak funtsezko papera betetzen duela. Erregimen kapitalistaren baitan, enpresariek milaka emakume azpiratzen dituzte beraien irabaziak handitzeko. Eta lanaren banaketa sexualaren bitartez emakumea etxeko eta zaintza lanetara bideratzea naturalizatzen da.
Horren guztiaren aurrean, matxismoaren aurkako borroka indartzea ezinbesteko eginbeharra da. Batetik, matxismoaren aurkako mugimendu indartsu bat eraiki behar dugu, kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarritua. Bestetik, indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez daitezen, eraso matxista guztiei erantzun behar diegu. Borroka horretan, emakumeok eta, oro har, langile klasea agente aktibo bilakatu behar dugu. Horregatik, norabide sozialista argi batekin indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraituko dugu.