Faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen aurrean autodefentsa feminista aldarrikatu dute Ermuan

Ander Gomez

200 bat lagun batu ziren atzo iluntzean Ermuko plazako aterpean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira. Hamabost minutuko elkarretaratze isila egin zuten lehenik, eta, ondoren, NuShü-ko kideek adierazpena irakurri dute, indarkeria matxistak utzitako zifrak erakutsiz.

Ermuko Mugimendu Feministak elkarretaratzera deitu zituen herritarrak atzo, azaroaren 25ean. Plazan irakurritako adierazpenean, egungo krisialdien eta eskuin muturraren gorakadaren testuinguruan emakumeen kontrako indarkeria bigarren mailan geratu dela salatu zuten, eta lehentasuna behar duela aldarrikatu. Emakumeek egunero jasaten dituzten erasoak eta erailketak gizartearen egituran errotutako arazo baten ondorio direla nabarmendu zuten, eta zapalkuntza horretan klase sozialak, arrazializazioak, egoera administratiboak, adinak eta bizitokiak eragina dutela. Horrez gain, kontagailu baten bidez, indarkeria matxistaren inguruko datuak eta salaketarik jartzen ez duten emakumeen egoera ekarri zituzten gogora.

Jarraian, irakurritako adierazpena osorik:

"Ingurura begiratu besterik ez dugu kaosak inguratzen gaituela ikusteko: genozidioak, klima-krisialdia, arazo sozial eta ekonomikoak, etxebizitzaren prezioen gorakada, bizitzaren garestitzea, eskuin muturraren gorakada… Baina bada kaos guzti honen aurretik ere aspaldidanik dirauen arazo bat: indarkeria matxistarena. Emakumeen aurkako erasoek eta erailketek, baita pertsona transen aurkako indarkeriak ere, gure gizartearen egituraren parte izaten jarraitzen dute.

Erailketa matxisten kontagailuak etengabe jarraitzen du zenbaki berriak gehitzen, baina gizarteak beste alde batera begiratzen du. Krisialdi garaiotan, beste hainbat arazori begira gauden bitartean, emakumeok arrastaka daramagun indarkeriaren motxila normalizatu egin da. Ia ohartu gabe onartu dugu pisu hori, eta gure lehentasunen zerrendan azken tokian utzi dugu biolentzia matxistaren aurkako borroka, eginbeharrekoen prokrastinazioan.

Betidanik entzun izan dugu ekaitzaren ostean barea datorrela, eta baikortasunez jokatuz gero, aipatutako arazo guztien amaiera irudika dezakegu, kostata bada ere. Baina zer gertatzen da gurekin? Sistemaren sustraietan kokatzen den indarkeria honen biktimak gara emakumeok. Egunero bizitzen ditugu begiradak, komentarioak, ukituak, erasoak eta erailketak, eta gizarteak beste albo batera begiratzeri ekin zion aspaldi. Izan ere, Simone de Beauvoirrek azaldu zuen emakumea bigarren mailako posizioan kokatu izan dela gizartean; bigarren sexua dela. Lehenik gizona, haren arazoak, beharrak eta estatusa; ondoren, emakumea. Hamarkadak pasatu dira ordutik, baina bigarren maila horretan jarraitzen dugu oraindik, eta nahikoa da gure errealitatea krisialdien argazkitik kanpo uzteaz. Bada ordua indarkeria matxistaren garrantzia aitortzeko eta honen aurka borrokatzeko. Indarkeria matxistak gure bizitzak baldintzatzen dituen bitartean, autodefentsa feministaz erantzungo dugu.

Gaur egungo testuinguruan, gainera, mehatxuak biderkatu egin dira. Krisialdien, faxismoaren gorakadaren eta eraso matxisten jomuga gara emakumeok: biktima hirukoitzak. Eta indarkeria hori ez da hutsean gertatzen; klase sozialak, arrazializazioak, egoera administratiboak, gune geografikoak edota adinak are gehiago puzten dute zapalkuntzen motxila hori.

Laster hauteskundeak izango dira estatu mailan, baina guk ez dugu gure bizitzen defentsa instituzioen esku utziko: agintean dagoena dagoela, tinko eta antolatuta jarraituko dugu. Izan ere, zapalkuntzak moldatzen jakin du azken urteotan, eta aurrerapauso batzuk eman diren arren, bide luzea dugu egiteke.

Argi duguna zera da: emakumeen aurkako eraso zein erailketak eteteko unea aspaldi heldu zen. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan, estatu mailan, indarkeria matxistarekin lotutako salaketa jarri zuten 10.000 emakumetik 18,1ek (iaz baino 0,5 gehiagok), eta Euskal Autonomia Erkidegoan 10.000 emakumetik 14,5ek. Guztira, estatu mailan ia 51.000* (50.911) salaketa aurkeztu ziren (2025eko lehen hiruhilekoan baino % 6,36 gehiago), EAEn 871 eta Nafarroan 813. Horren erakusgarri dira aurtengo datuak eta azken urteotako bilakaera bera:

  • Euskadin, aurtengo lehenengo 6 hilabeteetan, 2187 salaketa aurkeztu ziren bikotekide edo bikotekide ohi batek gauzatutako indarkeriagatik. % 7 igo da 2025etik hona.

  • Bizkaian 1102 salaketa aurkeztu dira, % 7,2 gahiago.

  • Estatu mailan 2003 eta 2026 bitartean 1385 erailketa egon dira. Aurten 44 emakume hil dituzte:

    • Euskadin 1.

    • Nafarroan 2.

    • Ipar Euskal Herrian 5.

    • Tarte berean 68 adingabeko erail dituzte, 3 aurten.

Datu hauek bere horretan beldurgarriak badira ere, ezin ditugu ahaztu beldurrak, baliabide gabeziak eta sistemaren babes faltak bultzatuta salaketarik jartzera ausartzen ez diren emakumeak. Jakin badakigu indarkeria hamaika modutan sufritzen dugula egunero: errealitate horiek guztiak ez dira datu ofizialetan jasotzen, eta gainera, oldarraldi erreakzionarioak gure zapalkuntza bera ukatzen du, egoera are gehiago zailduz.

Gezurrekin makilatu nahi duten errealitate horren aurrean, ozen hitz egiteko garaia heldu da. Aski da! Jar dezagun indarkeria matxistaren auzia berriz ere lehen lerroan, eta amai dezagun behingoz emakumeok egunero kolpatzen gaituen basakeria honekin. Historiak erakutsi digu guk geuk egiten ez badugu inork ez duela guregatik egingo. Hortaz, antolatu gaitezen, har ditzagun kaleak eta erantzun dezagun elkarrekin! Gaur eta egunero, argi diogu: Faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen aurrean autodefentsa feminista! GORA BORROKA FEMINISTA!"