Mendebaldeko saihesbidearen gaineko azterketek aurrera jarraitzen dute. Datorren astean, Lever Planificacion e Ingenieria enpresak kamerak jarriko ditu Kaltxangoko biribilgunean, ibilgailu astunen trafikoa aztertzeko. Hain zuzen, 07:00etatik 21:00etara grabatuko dute, bost edo sei astez. Horrez gain, matrikulak erregistratuko dituzte Kaltxangoko biribilguneko Areitio eta Zearkale adarretan eta Zubiaurre kalearen amaieran, ibilgailuen jatorria eta helmuga zehazteko.
Horrela, Kaltxangotik igarotzen diren kamioiak pasatu bakarrik egiten diren edo Ermuan geratzen diren egiaztatu ahal izango dute. Azterketak trafiko astunaren eragina eta hiriguneko kutsatzaileen emisioak ere neurtuko ditu. Amaitutakoan, enpresak emaitzak, ondorioak eta jarduteko gomendioak jasoko dituen txostena aurkeztuko du.
Obrak aurrera doaz
Saihesbidearen obrak azaroaren 16an hasi ziren. Aste honetan topografia- eta zuinketa-lanak egiten ari dira lur-eremuetan, eta datorren astean zuhaitzak moztu eta sastrakak garbitzeko lanak hastea aurreikusi dute. Udalak astero egiten du jarraipena, obraren arduradunekin, eta, abenduko lehenengo astean, datozen lanen kronograma zehatza jasotzea espero du, aurrerantzean egingo dituzten lanen plangintza ezagutarazteko.