Ermuko ikastetxeetako ikasleen sormena eta berdintasunarekiko konpromisoa izan ziren martitzen arratsaldean Ermua Antzokian egindako 2026ko Beldur Barik lehiaketako sari-banaketa ekitaldiko protagonistak. Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatutako ekimenak berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jarrerak sustatzea eta indarkeria matxista gaitzestea du helburu. Ehunka ikasle eta senide bertaratu ziren jaialdira. Mandarinas al Sol taldeak aurkeztu zuen ekitaldia, eta hiru abesti jo zituen.
Lehen Hezkuntzako lau lan saritu
Lehen kategorian, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleei zuzendutakoan, 100 euroko lau sari banatu zituzten, tokiko merkataritzan erabiltzeko bonuetan. Anaitasuna Ikastolako beheko eraikineko 6.A eta 6.B mailetakoek Zergatik demostratu behar dute emakumeek gehiago, tratu berdina jasotzeko? lana aurkeztu zuten, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eta horiei aurre egiteko beharra lantzen dituena.
Eskolabarri Ikastetxeko 5. mailakoek, berriz, Hobeto elkarrekin bideoarekin jaso zuten saria, errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako harremanak aldarrikatzeagatik. Anaitasuna Ikastolako goiko eraikineko 5.B mailakoek Ez dago nesken edo mutilen gauzarik aurkeztu zuten, genero-estereotipoak zalantzan jartzen dituen lana, eta San Lorenzo Ikastetxeko 6.A mailakoek, Tratu ona guztiona, elkartasuna eta indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboa sustatzen dituena.
Maskulinitate-eredu berriak eta indarkeriarik gabeko bizitzak
Bigarren kategorian, 300 euroko bi sari banatu zituzten. Ermua BHIko Gure artean bideoak maskulinitate-eredu berriak sustatzen ditu; kultura matxistaren eta indarkeria matxistaren aurrean jarrera kritikoa duten mutilak erakusten ditu. San Pelayo Ikastetxeko No soy tuya lanak neska gazteek egunerokoan jasaten dituzten indarkeria matxistaren adierazpenak ikusarazten ditu.
Horrela, Beldur Barik lehiaketak, ikus-entzunezko sorkuntzaren bidez, hausnarketa hori sustatu eta sexismoaren aurkako jarrera aktiboak eta konprometituak bultzatzen ditu.