Zaldibarko zabortegiaren hondoratzearen arrazoiak argitara atera dituzte

Ander Gomez

Zaldibarko zabortegia, Eitzaga auzoan, gaur egun. GARAZI MENDIETA

CEDEXek irailean aurkeztutako txostenaren arabera, asteon 'El Correo' egunkariak ezagutzera eman duena, diseinuan egindako aldaketek eta kontrol-neurrien gabeziek eragin zuzena izan zuten Eitzagako zabortegiaren hondoratzean.

Zaldibarko zabortegia 2020ko otsailean hondoratu zenetik, gertatutakoa argitzeko hiru auzi judizial nagusi zabaldu dira: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen heriotzarekin lotutakoa, hirigintza-irregulartasunei buruzkoa eta ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituena.

Lehenengo auzia itxi zen jada. Hildako langileen familiek 2,75 milioi euroko kalte-ordaina jaso zuten, eta sei hilabeteko espetxe-zigorra onartu zuten zabortegiko arduradunek: Jose Ignacio Barinaga jabeak, Arrate Bilbao kudeatzaileak eta Juan Elosegui ingeniari-buruak.

Hirigintza-arloan, zabortegia baimendutako eremutik kanpo hedatu ote zen ikertu da. Arantxa Baigorri Zaldibarko alkate ohia eta Udaleko teknikariak daude auzi horretan. Duela bi aste, hilaren 13an, haien apelazio-errekurtsoak atzera bota eta ikertu gisa jarraitzen dutela berretsi zuen Bizkaiko Auzitegiak.

Ingurumenaren arloko auzia, berriz, zabortegiaren jardueran eta hondoratzean egon zitezkeen arau-hausteak argitzeko abiatu zen. Kasu horretan, Verter Recycling enpresako arduradunak, Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari eta Geyser eta Lurtek enpresetako lau kide ikertzen ari dira.

CEDEXen txostena

Testuinguru horretan eskatu zion Durangoko epaitegiak azterketa teknikoa egitea CEDEXi, Espainiako Garraio Ministerioari atxikitako Herri Lanen Azterketa eta Esperimentaziorako Zentroari. Hala, zabortegiaren diseinua, eraikuntza eta funtzionamendua osotasunean aztertzeko ardura hartu zuten, baita hondoratzearen arrazoiak zehaztekoa ere.

Lehenengo txostena 2021ean aurkeztu zuten, eta iraileko azken honek aurreko azterketaren ondorioak berretsi eta defentsako perituen txostenak aztertzen ditu. El Correo egunkariak dokumentua eskuratu du, eta, haren arabera, zabortegiaren hasierako proiektuan egindako aldaketek eta kontrol-neurrien gabeziek eragin zuzena izan zuten hondoratzean.

Hasierako proiektuan egindako aldaketak, kausa nagusi

2007an, Verter Recyclingek LKS ingeniaritza-enpresak egindako proiektua aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena eta ingurumen-baimen bateratua eman zizkion. Urtebetera, ordea, harremana eten eta Geyser enpresarekin hasi zen lanean; proiektu berria diseinatu zuen.

Aldaketa esanguratsuenetako bat hondakin-masa maldan behera ez irristatzeko erabiltzen diren geomintzen aukeraketan egin zuten. Hasierako proiektuak mintz zimurtsuak aurreikusten zituen, 33 graduko marruskadura-angelua zutenak. Zaldibarko zabortegia eraiki zen sakonuneak 15 graduko batez besteko inklinazioa zuen, eta, azkenean, mintz lisoak jarri zituzten, 7 eta 11 gradu arteko marruskadura-angeluekin.

Beste aldaketa esanguratsu bat euste-dikean egin zuten. LKSren proiektuak 100 metroko altuera aurreikusten zuen, baina Geyserrek egindako diseinu berrian 18 metrora jaitsi zuten. Horrekin batera, segurtasun-maila txikiagoa eskatu zuten.

Hondakin-pilaketen, estali gabeko guneen eta euriteen eragina

Zabortegiaren erabilera ere aurreikusitakoa baino handiagoa izan zen. 35 urterako lizentzia zuen arren, 2017tik 2019ra bitartean aurreikusitako hondakin kopuru osoaren erdia inguru jaso zuen.

Horrez gain, estali gabeko eremuak 60.000 metro koadrotik gora hartu zituen, baimendutako 10.000 metro koadroko muga nabarmen gaindituta. Estali gabeko hondakinen gainera eroritako urak zabortegiaren barruan infiltrazio handia eragin zuela jasotzen du txostenak; batik bat, 2019ko azaroko eurite handien ostean.

Kontrol-neurrien gabeziak

Zabortegiaren egonkortasuna kontrolatzeko neurrien gabezia ere aipatzen da. Lur-mugimenduak neurtzeko jarritako mugarriak 2018an zuten joera aldatu eta gorantz egiten hasi ziren. CEDEXen arabera, aldaketa hark lur-mugimendu ezohikoak adierazten zituen, baina ez zen behar bezala interpretatu edo aintzat hartu.

Bestalde, 2019ko maiatzean egonkortasun-azterketa bat egin zuen Lurtek enpresak, eta instalazioa egonkor zegoela ondorioztatu zuen. Verter Recyclingek 2020ko urtarrilean aurkeztu zien Jaurlaritzako teknikariei, zabortegia hondoratu baino hamasei egun lehenago. 

Azterketan, kalkuluak egiteko erabilitako irristatze-azalen eredu informatikoan akatsak zeudela ikusi zuen CEDEXek. Horiek zuzenduta, zabortegia egoera kritikoan zegoela eta hondoratzeko arriskua handia zela ondorioztatu zuen.

Instrukzioa, bukatzear

Azaroaren 10eko ebazpen baten bidez, epaileak ikerketa-epea ez luzatzea erabaki zuen, auzia nahikoa aurreratuta dagoela iritzita. Datorren martxoan, txostena egin duten CEDEXeko perituek epailearen aurrean deklaratuko dute. Agerraldi horren ondoren, aldeek ondorioak aurkeztu beharko dituzte, eta ahozko epaiketa egitea eskatuko duten erabaki.