Ermuan bost minutuko isilunea egin dute Bilboko hilketa matxista gaitzesteko

Garazi Mendieta

Ermuko Udalak deituta, bost minutuko isilunea egin dute gaur, azaroak 27, eguerdian, udaletxearen aurrean, Bilbon atzo gertatutako hilketa matxista gaitzesteko eta biktimaren ingurukoei elkartasuna adierazteko. 

Bilbon gertatutakoari dagokionez, atzo arratsaldean emakume bat labankadaz zauritu zuen ustez haren bikotekide ohiak, etxebizitza batean. Emakumea Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina gaur goizaldean hil da, zaurien larritasunaren ondorioz. Ustezko erasotzailea atxilotu egin zuen Ertzaintzak; gizonak biktimarengandik urruntzeko agindua zuen indarrean, eta aurretik ere indarkeria matxistarekin lotutako gorabeherak izan zituzten.