Bizikletatik jaitsi eta mahaiaren bueltan ospatu dute denboraldi amaiera txirrindulari ermuarrek

Ander Gomez

Ermuko Txirrindulari taldeko kideak, asteburuan, elkarrekin bazkaldu aurretik. E. GONZALEZ

Ermuko Txirrindulari taldeko kideek 72 irteera izan dituzte aurten eta guztira 160.000 kilometro batu dituzte. Zapatuan ospatu zuten lagunartean eta kontu kontari.

Urtarril amaieran hasitako kirol denboraldiari azaro hasieran eman zioten akabera Ermuko Txirrindulari taldeko kideek, eta aurreko zapatuan ospatu zuten, lagun arteko bazkari baten bueltan.

Santixau aurreko zapatutik abuztuaren azkenekora kenduta, asteburuero eta jaiegun guztietan antolatu zituzten irteerak Ermuko Txirrindulariek. 72 irteera izan zituzten; 7.118 kilometro osatu dituzte, eta ibilbide bakoitzeko, batez beste, 99 kilometro. Ehundik gorakoa izan zen parte hartutakoen kopurua, eta irteera bakoitzean bi ibilbide egin zituzten, zailtasun desberdinekoak, txirrindulari bakoitzak bere ahalmenen arabera aukeratutakoa. Guztiek osatutako kilometro kopurua batuta, ia 160.000 kilometrora iritsi ziren. 

Denboraldi hasieran ibilbide leunak eta kilometro kopuru gutxiagokoak egiten dituzte, 80-90 artekoak; txirrindulariak trebatu eta indartu ahala, etapa luzeagoak etortzen dira, gogorragoak eta menditsuagoak, 100 kilometrotik gorakoak.

Ekainean lasterketa zikloturistaren baten parte hartzea ere klasiko bihurtu da. Aurten, Benidormeko Aitana Tour-ean eta Covadongako lakuetako desafioan izan dira. La larga deitzen dioten beste bizikleta erronka bat txirrindularion kuttunetako bat da, Ermuan irtenda eta 150 kilometroko ibilbidea egitea helburu. Burgosko Trespaderne herrian izan zuen helmuga; dutxa hartu eta arropa aldatzeko lekua lotuta izan zuten, baita bazkaltzekoa ere. Autobusez egin zuten bueltako bidaia, eta bizikletak bertan ekarri zituzten, maletategian. 

Zapatuan berriro elkartu ziren; txirringa, maillot eta kulot barik. Txipiroi, entrekot eta bakailao artean anekdota ugari zein hurrengo denboraldirako proposamenak ere entzun ziren.


Ermuko Txirrindulari Elkarteko kideak, aurtengo 'La Larga' erronkan parte hartu ondoren. ETXE