Korrika Kulturalak 'Eskailerapekoa' bakarrizketa dakar Itziarrera

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 20a

Etzi (otsailak 22) abiatuko da Itziarko Korrika Kulturala. Oraingoz, doako bi ekintza iragarri dituzte antolatzaileek.

Hilabete besterik ez da falta 24. Korrika has dadin. Euskara gara lelopean, euskararen aldeko lasterketak euskal geografiaren zati handi bat zeharkatuko du, martxoaren 19tik 29ra. Itziarrera martxoaren 25ean iritsiko da, baina giroa lehenagotik piztuko da herrian, Korrika Kulturalari esker.

Korrika batzordeko eta Itziarko Auzo Udaleko kideen ekimenez ari dira guztia antolatzen Itziarren, eta, jakinarazi dutenez, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoristen Eskailerapekoa bakarrizketak zabalduko du egitaraua. Umorea eta generoa ardatz dituen saioa etzi (otsailak 22) izango da, 18:00etan, Burugorri gainean.

Bi sortzaileek elkarrekin taularatzen duten laugarren bakarrizketa da honako hau. Aurreratu dutenez, oraingo honetan ere "eskailerapean ezkutatuta dauden gaiak, bizipenak, krisiak eta aukerak" kontatuko dituzte, "kritika eginez, deseraikiz eta, nola ez, barre eginez". Etzi, gainera, Korrikaren materiala erosteko aukera egongo da. "Besteak beste, elastikoak, jertseak eta petoak izango ditugu salgai", azaldu dute. 

Korrika Kulturalaren baitan, bestalde, Errigoraren udaberriko kanpainako produktuen dastaketa prestatu dute Itziarren, Donibane Elkartearekin elkarlanean. Hain zuzen ere, martxoaren 7an izango da, 19:00etan, Donibane Elkartean bertan.

Bigarren bilera

Horrekin batera, Korrika batzordearen bigarren bilera noiz izango den ere argitu dute: astelehenean (otsailak 23) izango da, 19:00etan, Burugorri gainean.