Bertako 500 zuhaitz landatuko dituzte Itziarren, Andutz mendiko lursailetan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 26a

Igande (martxoak 1) goizean egingo dute auzolana. Komenigarria da aldez aurretik izena ematea; bihar (otsailak 27) da horretarako azken eguna. 

Aurten ere, zuhaitz landaketa antolatu dute Itziarko eragile ezberdinek auzolanean. Igande (martxoak 1) goizean izango da jarduera eta azaldu dutenez, Andutz mendiko lursailetan egingo dute landaketa. "Azken bi urteetako eremuaren segidan, Elutzetako elurzulotik gora dagoen pendizean", zehaztu dute.

Parte hartu nahi dutenek, 09:00etan izango dute hitzordua Itziarko Enpresa Parkeko sarreran dagoen Ayra Cardan fabrikaren parean, eta handik oinez abiatuko dira mendira, aitzurrak eta landatuko dituzten zuhaixkak beraiekin daramatzatela. 500 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte guztira, Andutzen baso anitz bat sortzeko helburuarekin.

Gehienbat artea (Quercus ilex) landatuko dute eta, horrekin batera, bestelako espezie batzuk ere, honakoak: pagoa (Fagus sylvatica), hurritza (Corylus avellana), ehiar frantsesa (Acer monspessulanum), gorostia (Ilex aqufolium), gartxua (Phyllyrea latifolia), basarana (Prunus spinosa), elorria (Crataegus monogyna), basaerramua (Euonimus europaeus), sagarmina (Malus sylvestris), Sta Luzia gereziondoa (Prunus mahaleb), karraskila (Rhamnus alaternus), andere-mahatsa (Ribes alpinum), astigarra (Acer campestre), urkia (Betulua centiberica), lizarra (Fraxinus excelsior), lertxuna (Populus tremula) eta ezki hostotxikia (Tila cordata). Jakinarazi dutenez, zuhaitzak tutu eta zutoinekin landatuko dituzte, gogortu bitartean babesa izan dezaten. 

Izen-ematea eta gomendioak

Ekintza 14 urtetik gorakoei gomendatua dago, baina gazteagoak gurasoen ardurapean ibili ahalko direla esan dute. Lanerako aitzurra bakoitzak berea eramateko eskatu dute eta parte hartuko dutenei, gainera, "mendian lan egiteko arropa eta oinetako egokiak" jantzita joateko aholkatu diete. Ekintza amaitutakoan, antolakuntzak hamaiketakoa eta salda jarriko ditu parte-hartzaileentzat.

Auzolan horretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko dute interesdunek. Horretarako bi aukera daude: telefonoz 943 19 92 55 zenbakira deituta; edo posta elektronikoz apuntatu@itziar.eus helbidera mezua bidalita. Bihar (otsailak 27) da izena emateko azken eguna.

10 urte baino gehiago

Itziarko Auzo Udaletik adierazi dutenez, hamar urte baino gehiago daramate Itziarren udaberriarekin etorrerarekin batera zuhaitz landaketa sustatzen. Azaldu dutenez, ehunka zuhaitz landatu dituzte urte hauetan, eta dagoeneko nabaria da egindako lanaren emaitza bertako paisaian. "Itsaspe eta Elorriaga inguruan, bereiziki, eta, azken bi urteetan Andutz mendiko parajeetan". 

Orain arteko esperientzia mantenduz, urtero landaketa ekimena sendotzea dela helburua azpimarratu dute. "Batetik gerora baso bilakatuko diren zuhaitz landareen kopurua handituz, bestetik auzolanari garrantzia emanez". Horretarako, bertarako eragileak eta herritarrak inplikatzea behar bestekoa dela nabarmendu dute. "Itziarko Auzo Udalak jarriko ditu baliabideak eta beregain hartuko ditu ardura teknikoak. Ekimen herritar honen parte dira Lizarbe Guraso Elkartea, Itziarko Gazte Asanblada, Lasturko Mendi Martxa eta Gainez Gain taldea". 

Antolatzaileen esanetan, “eraldaketa nabarmenak jasan ditu bizi garen eremuak azken hamarkadetan. Horren adibide ditugu zeharkatzen gaituzten azpiegitura erraldoiak eta ustiaketa intentsiboak. Egungo bizimoduari eusteko baliabide horien beharra izanik ere, komenigarria deritzogu era berean lurraldearen antolaketa eredu orekatuagoak garatzea eta inguruko paisaia zaintzea". 

Horregatik guztiagatik, helburu argia dute Itziarren: Andutz mendia guztion ondare bilakatzea, "etorkizunerako babesgune naturalak izan ditzagun".