24. Korrika

Haurrek ere gogoz egin dute korrika Itziarren

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 25a

Iristear da 24. Korrika eta lasterketa ofiziala ez da aurtengoan Itziarko herrigunera sartuko. Korrika Txikia sartu da, ordea. Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek hartu dituzte kaleak bazkalostean, euskarari gorazarre eginez.

Itziarko Eskolak eta Lizarbe Guraso Elkarteak Bikain parean elkartzeko dei egin zieten herritarrei eta eguraldi kaskarrak ez ditu kikildu Korrika Txikiko partaideak. Suziria bota dute lasterketari hasiera emateko eta eskolako 80 ikasleek, irakasleek eta gurasoek Bikainetik plazara arteko bidea egin dute gero, furgonetaren atzean, Euskara gara mezua ozen zabalduz. Ondoren, euskararen aldeko hitzak, bertso doinuak eta musika izan dira protagonista; Korrikaren koreografia dantzatuz eman diote amaiera ekitaldiari.

Hasi da atzera kontaketa. 24. Korrika iristear da Itziarrera eta handik Debara jaitsiko da Mutrikun barrena jarraitzeko. Ikusi HEMEN lasterketa, zuzenean.