Bertso afaria izango da larunbatean Itziarko Hostalean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 26a

Hitzordua 21:00etan izango da, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek girotuta. Hostalean bertan, Burugorrin eta Gure Dendan eskuratu daitezke sarrerak, 25 euroren truke.

Itziarko Bertso Eskolak antolatuta eta Itziarko Auzo Udalaren laguntzarekin, bertso afaria izango da etzi (martxoak 28), Itziarko Hostalean. Hitzordua 21:00etan hasiko da, eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolari ezagunek girotuko dute ekitaldia, bertsoak eta umorea tartekatuz. Antolatzaileek inguruko bertsozale guztiak gonbidatu dituzte saio berezi honetara.

Salgai daude hitzordurako sarrerak. Afaritarako txartelak 25 euroan eskuratu daitezke Hostalean bertan, Burugorrin eta Gure Dendan. Horiek lortzeko azken eguna gaurkoa (martxoak 26) dela gogorarazi dute antolatzaileek.

Ondorengoa da afaritarako hautatu duten menua, eta gogorarazi dute edaria eta kafea ere prezio horren barruan sartuta daudela.

  • Hasteko (partekatzeko eran): Gula eta ganba entsalada epela, etxeko kroketak eta onddo nahaskia.
  • Bigarren platera (bat aukeratzeko): bakailao piperradarekin edo entrekota hornidurarekin.
  • Postrea: Pantxineta.