Aurrera doa Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo txapelketa. Joan den larunbatean (apirilak 18), lehiaketako bosgarren tiraldia jokatu zuten Lasturren, eta antolakuntzak jakinarazi duenez, 68 bolari elkartu ziren hitzorduan. Txirlo gehien bota zituena Elgeta taldeko Sebas Aranzabal izan zen; jardunaldiko irabazleak hiru txirlo jo zituen, bigarren eta hirugarren sailkatuek beste.
Hona hemen tiraldiko sailkapena:
- Sebas Aranzabal (Elgeta), 3 txirlo.
- Iker Izagirre (San Migel), 3 txirlo.
- Javi Martino (Ezozi), 3 txirlo.
- Gari Rodriguez (Asolaberri), 2 txirlo.
- Anartz Esteban (San Joxepe), 2 txirlo.
- Ivan Sierra, 2 txirlo.
Gipuzkoako txapelketan guztira 10 saio aurreikusi dituzte, eta hurrengoa, Soraluzeko Ezoziko bolatokian izango da datorren larunbatean (apirilak 25), 17:00etan hasita.
Madinabeitia buru sailkapen nagusian
Sailkapen nagusiari dagokionez, UDA taldeko Gorka Madinabeitia doa buruan 22 punturekin. Puntu bakarrera, 21ekin, Elgeta taldeko Bittor Astigarraga doa bigarren eta lider doa bere mailan ere, edade mailan, hain zuzen.
Bestalde, antolatzaileek Asola Berri taldeko Enara Montiel eibartarraren emaitza onak azpimarratu nahi izan dituzte. 19 punturekin hirugarren doa sailkapen nagusian. Eibartarra, gainera, emakumeen sailkapen nagusiko buru da. Emaitzei erreparatuta, alde handia ateratzen die hurrengo sailkatuei. Bigarren postuan San Migel taldeko Aitziber Olaizola dago, 11 punturekin. Atzetik, hirugarren, UDA taldeko Isana Gorasabel dago; 9 puntu eskuratu ditu orain arte.
Kadeteetan, UDA taldeko Axel Sixto da nagusi, 11 punturekin. Kimu mailan, Ezozi taldeko Luken Martino doa lehen postuan, 10 punturekin. Haur mailan, berriz, Asola Berriko Ander Unamuno da buru; 5 puntu eskuratu ditu. Bikoteka, aldiz, Bittor Ugarteburu eta Bittor Astigarraga daude lehen postuan, 37 punturekin, eta horien atzetik, 33rekin, UDA taldeko Eñaut Kortabarria eta Gorka Madinabeitia.