Lau eguneko egitaraua ondu dute aurten Endoia Gazte Elkarteak, Gaztendoia Endoiako Auzo Elkarteak, Itziarko Auzo Udalak eta Zestoako Udalak elkarlanean. Beste urte batez, musika, dantza, mus txapelketa, auzotarren bazkari eta afariak eta herri-kirolak izango dira protagonista igandera bitartean.
Hain zuzen ere, gaur (maiatzak 14) hasiko dira jaiak, Asentsio Egunean. 19:30ean jaurtitako txupinazoarekin hasiko dira ospakizunak, ondoren, 20:00etan, meza izango da eta gauean auzotarren afaria egingo dute, Ane Urbieta eta Haitz Martin trikitilariekin; 21:00etan izango da hitzordua.
Bihar (maiatzak 15), iluntzean hasiko da jai giroa: lehenik, pintxo-poteoa egingo dute, 19:00etan; gauean –22:00etan–, berriz, Endoiako II. Mus Txapelketa jokatuko dute. Parte hartzeko izen-ematea 20 euro da, eta lehen lau sailkatuek jasoko dituzte sariak.
Etzi (maiatzak 16), umeen eta gazteen eguna izango da. Haurrentzako puzgarriak eta kart zirkuitua izango dira, 12:00etatik 19:00etara. Txokolate-jana egingo dute, 17:00etan, eta auzo afaria izango da gauean, Endoiako biltokian. Festa giroari amaiera DJ Indatek jarriko dio, 23:00etan hasita.
Herri kirolak, egitaraua ixteko
Igandea (maiatzak 17) izango da jaien azken eguna. 11:00etan, meza egingo dute, eta, 12:00etan, Itziarko Andutz Dantza Taldeak alaituko du giroa. Luntxa eta auzo bazkaria izango dituzte ondoren, eta 17:30ean, herri kirolak hasiko dira: aizkoran Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza ariko dira aurrez aurre eta harri-jasotzen Goizeder Abendibarrek eta Ainitze Zumetak egingo dute erakustaldia.