Aurreko ostegunean (maiatzak 14) jaurtitako txupinazoarekin abiatu ziren Asentzio jaiak Endoian, eta ordutik askotariko ekintzek bizitasuna eman diote auzoari. Beste urte batez, musikak, dantzek, mus txapelketak, auzotarrek elkarrekin egindako bazkari eta afariek nahiz herri kirolek osatu dute aurtengo eskaintzaren ardatza.
Antolatzaileen esanetan, aurtengo jaiak oso parte-hartzaileak izan dira. Osteguneko Asentzio eguneko auzo-afarian, esaterako, giro bikaina izan zela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. Ane Urbieta eta Haitz Martin trikitilarien doinuek lagunduta, giro ederrean igaro zuten gaua bertaratutakoek.
Ostiral gauean jokatu zen Endoiako II. Mus Txapelketak ere harrera beroa izan zuen. Guztira, 22 bikotek hartu zuten parte, eta garaileak Juan Peña Abete eta Joxe Mari Beristain Erlete izan ziren. Antolatzaileek txapelketan sortu zen giro aparta azpimarratu dute bereziki.
Umeentzako eskaintza zabalagoa
Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, jarduerak moldatzeko aukera izan zuten antolatzaileek: puzgarrietako bat frontoian jarri zuten eta bestea eliza barruan. Familiek oso gustura hartu zituzten proposatutako ekimenak, eta Zestoatik, Itziartik zein inguruko herrietatik gerturatutako gurasoek antolakuntza txalotu zuten, haurrei eskainitako egitarauarekin “guztiz asmatu” dutela nabarmenduta. Gazteek ere izan zuten euren lekua jaietan. Larunbat gaueko auzo-afariaren ostean, DJ Indatek jarri zuen musika, eta festak gauera arte jarraitu zuen.
Atzo (maiatzak 17) iritsi zen jaien azken eguna, eta oraingoan eguraldiak ere lagundu zuen. Goizean meza ospatu zuten, eta ondoren Itziarko Andutz dantza taldeak euskal dantzez bete zuen elizaren ataria. Herritar ugari elkartu zen emanaldia bertatik bertara ikustera, eta eguerdiko luntxak giro aparta sortu zuen.
Arratsaldean iritsi zen jaiei amaiera emateko unea, herri kirol erakustaldiarekin. Aizkoran, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza aritu ziren lehian; harri-jasotzen, berriz, Goizeder Abendibarrek eta Ainitze Zumetak eskaini zuten saioa. Eguraldiak zalantzak sortu bazituen ere, azkenean eutsi egin zion, eta ikusle asko bildu zen plazan. “Eguraldiarekin kezka izan genuen, baina azkenean eutsi egin zion eta ikuskizun polita atera zen”, azaldu dute antolatzaileek.
"Ilusioarekin"
Asentzio jaien antolaketan elkarlanean jardun dute Endoia Gazte Elkarteak, Gaztendoia Endoiako Auzo Elkarteak, Itziarko Auzo Udalak eta Zestoako Udalak. Egitarauak aurten ere harrera beroa izan duela nabarmendu dute, eta pozik agertu dira egindako balorazioarekin: “Oso gustura geratu gara, eta inguruko jendeak ere hala adierazi digu”.
Jai batzordeko kideek dagoeneko datorren urteari begira jarri dute arreta. “Ilusioz gaude”, diote. Antolaketan jende gutxi aritu arren, gauzak ondo ateratzen direnean indarra eta gogoa berritzen direla azaldu dute. Horrez gain, hurrengo urterako erronka berri bat ere badute buruan: jai garaiaz harago, auzoan dinamika iraunkorragoa sortzea, indarrak batu eta egitaraua are gehiago sendotzeko. “Ez dakigu lortuko dugun, baina behintzat saiatuko gara”, adierazi dute gogotsu.