Itziarko irakurle taldeek 'Asterix galiarra' eta 'Bisita' liburuak izango dituzte aztergai

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 20a

Mikel Pagadizabal idazlea. Arg.: A.A.A./ATARIA

Hilaren 25ean egingo dituzte ikasturte honetako azken-aurreko saioak, Alaine Agirre idazleak gidatuta.

Itziarko Auzo Udalak ohartarazi du maiatzaren 25ean izango dituztela hilabete honetako saioak irakurle taldeek; asteartean egin behar bazituzten ere, eguna aurreratu egin dute, eta astelehenean batuko dira, Burugorri eraikineko bigarren solairuan.

Haurren eta gaztetxoen taldeak 17:30ean hasiko du saioa, eta Rene Goscinnyren eta Albert Uderzoren Asterix galiarra aztertuko du oraingoan. Helduen taldean, ostera, Mikel Pagadizabal Amiano Pagadi-ren Bisita (Elkar) eleberriaz arituko dira, 19:00etan hasita. Zientzia fikziozko nobela da Bisita, aurkezle, aktore eta idazle billabonatarrak "umore ganberroz" idatzitakoa. Satira politiko bat da funtsean; egileak estralurtarrak baliatu ditu euskal gizarteari kritika soziala egiteko.  

Alaine Agirrek gidatuko ditu hitzorduak eta saioak doakoak izango dira, baina antolatzaileek gogorarazi dute komenigarria dela izena aurrez ematea. Interesa dutenek Itziarko harrera-bulegoan eman dezakete izena, 943 19 92 55 telefono-zenbakira deituta edo apuntatu@itziar.eus helbidera mezu bat bidalita.

Azken saioak, ekainean

Urtarrilean jarri zituzten martxan irakurle taldeak Itziarren, eta ekainean bukatuko dute ikasturtea. Azken saioak hilaren 9rako iragarri dituzte, hain justu. 7 eta 12 urte arteko literaturazaleek Iñigo Astiz poetak eta Maite Mutuberria irudigileak ondutako Joemak eta polasak izango dute aztergai; helduen saioan, aldiz, Josu Goikoetxearen Lakioa liburuaz ariko dira.