Egun osoko egitarauarekin ospatuko dute Lasturko Talo Eguna, igandean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 22a

Gipuzkoako V. Erroten Egunaren bueltako ekitaldien baitan iragarri dute festa.

Talo Eguna ospatuko dute etzi, maiatzak 24, Lasturren, eta egun osorako egitaraua prestatu du, beste urte batez, Izarraitz Bizirik elkarteak, Lasturko Tabernaren eta Itziarko Auzo Udalaren laguntzarekin. 

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Gipuzkoako V. Erroten Egunaren ospakizunen baitan egingo dute aurtengo jaia; maiatzaren 17a izendatu dute 2026ko Erroten Eguna, eta data horren bueltan makina bat ekintza egiten dihardute Gipuzkoa osoan, tokiko erroten garrantzia azpimarratu eta horien funtzionamendua erakusteko helburuarekin, batik bat.

Bada, Lastur ere batu da ospakizunera, iaz egin zuen bezalaxe, errotak ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte direla eta Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean garrantzi handia izan zutela aldarrikatu nahian. Eta, horiek horrela, igandean errotak martxan egongo direla jakinarazi dute, nahi duten guztiek haien funtzionamendua zuzenean ikusteko aukera izan dezaten. 

Aldi berean, jakina denez, taloa bera izango da eguneko protagonista, Lasturko tabernaren atzealdean taloa nahi bezala, eta nahi beste dastatzeko aukera egongo baita aurten ere.

Azoka, larrabehiak...

Osterantzean, eguneko ekitaldi-sorta goizeko hamaiketan hasiko da, Azpeitiko Antxieta Arkeologi Taldearen eskutik; historiaurreari buruzko azoka jarriko dute ikusgai, 15:00ak bitartean, eta haurrei zuzendutako arkeologia tailerra ere emango dute.

Saka ganadutegikoek larrabehien erakustaldia egingo dute eguerdian; 12:15ean izango da. Eta, ordu bertsuan, musikak ere hartuko du Lasturko plaza, Elaia eta Jare trikitilariak ariko baitira jai-giroa alaitzen.  

Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera izango dela; erreserba egin nahi izanez gero, 943 19 90 33 telefono-zenbakira deitu beharko da.