Itziarko CIE Norma enpresako langileek enpresaren hazkundearekin bat datorren hitzarmena aldarrikatu dute

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 7a

CIE Norma enpresako hainbat langile protesta egiten, gaur, martitzena, Bilbon. Argazkia: LAB sindikatua.

Gaur, martitzena, Bilboko burtsaren kanpoko aldean elkarretaratzea egin dute Itziarko CIE Norma enpresako hainbat langilek. Langileek deituta, hitzarmen kolektibo berria aldarrikatu dute. Uste dute urteotan enpresak izan duen hazkundea igarri egin beharko litzatekeela lan baldintzen hobekuntzan. Eta, besteak beste, diote enpresa akordioa lortzeko prest agertu den arren, haren azken proposamenak ez direla nahikoak langileen gehiengoaren babesa lortzeko.

LAB sindikatutik helarazitako datuen arabera, 2022an, CIE Norma enpresak 51 milioi euro fakturatu zituen eta hiru urte geroago, 77 milioi euro fakturatu ditu eta 30 langile gehiago ditu. Dioenez, enpresaren jarduerak “erritmo altuari eusten” dio eta duen eskaeren poltsak “datozen urteotarako lan-karga bermatzen” du. “Bilakaera horrek agerian uzten du konpainiaren hazkunde iraunkorra, eta aldarrikapenen zilegitasuna indartzen du”, diote prentsa oharrean.

Bertan azpimarratu dutenez, eskatzen dutena “ez da neurriz kanpokoa, baizik eta eskatzen dutena da “CIE Normaren hazkundeak eguneroko lanarekin hori posible egiten laguntzen dutenengan ere isla izatea”.

Ados ez mugekin

Gaineratu dutenez, negoziazioek iraun bitartean, enpresa prest azaldu da akordioa lortzeko, baina uste dute egindako azken proposamenak ez direla “nahikoak langileen gehiengoaren babesa lortzeko”. Halaber, desados azaldu dira ere enpresak planteatutako muga gehienekin, “epe luzeko ziurgabetasun egoeretan” oinarrituta baitaude. Uste dute “bi urterako hitzarmen batek enpresaren egoera errealari erantzun” behar diola eta “epe motz eta ertaineko aurreikuspenetan oinarritu” .

Enpresa batzordeak gogora ekarri du langileek “modu erabakigarrian” lagundu dutela CIE Normaren “lehia-posizioa sendotzen, antolaketa aldaketekin, produktibitate handitzearekin eta exijentzia industrial berrietara egokituz”, eta horregatik uste du garaia dela ahalegin horrek errekonozimendua izateko negoziazio kolektiboan.

Azkenik, nabarmendu dute, desberdintasunak desberdintasun, “lehentasuna” akordioa lortzea dela, eta batzordearen “borondatea” dela “negoziazioa zabalik mantentzea eta enpresari nahiz langileei egonkortasuna emango dien hitzarmen orekatua” lortzea.