Abian dira Itziarko udalekuak, 70 bat haur eta gazteren parte-hartzearekin

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 9a

Udalekuetako parte-hartzaileak, Mutrikuko igerilekuan. ITZIARKO UDALEKUAK

Itziarko udalekuek joan den astelehenean, ekainaren 29an, ekin zioten lehen txandari. Egitasmoak uztailaren 24ra arte iraungo du, eta HH3 eta LH6 arteko 70 bat haur eta gazte elkartuko ditu, hamar begiraleren gidaritzapean.

Arduradunek zehaztu dutenez, uztailaren 10era arte iraungo duen lehen txandan 67 haur eta gaztetxo ari dira parte hartzen; bigarren aldirako, berriz –uztailaren 13tik 24ra bitartean egingo dena–, 39 lagunek eman dute izena. "Bigarren hamabostaldian izango direnetako gehienak lehenengoan ere gurekin aritu dira, baina aurpegi berri batzuk ere batuko zaizkigu", adierazi dute.

Parte-hartzaileak egunero elkartzen dira 09:30etik 13:00etara, eta denbora tarte horretan era guztietako jarduerak egiteko aukera dute; besteak beste, egun tematikoak prestatu dituzte. "Esaterako, Arte Eguna antolatu dugu: horma-irudi bat margotuko dugu eta kamiseta batzuk apainduko ditugu", gaineratu dute.

Jolasez gain, irteerek ere protagonismo berezia izango dute egitarauan. Aurreikuspenak betetzen badira, Mutrikuko eta Elorrioko igerilekuetara joango dira, baita Zumaiako Santiago hondartzara ere. Horrez gain, Itziarko herriarekin eta bertako kulturarekin lotutako jarduerak ere egingo dituzte, herriko ospakizun nagusiak ezagutarazteko asmoz. Horrela, Kardantxulo Eguna eta Kofraixak ekarriko dituzte udalekuetara, horiek gai nagusitzat hartuta.