Itziarko Kopraixetarako boluntarioak behar dituzte

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 28a

Interesa dutenek internet bidezko formularioaren bidez eman dezakete izena.

Egun gutxi geratzen dira Kopraixak hasteko, eta Itziarko Auzo Udalak eta jai batzordeak dei berezia egin diete herritarrei, jaietako hainbat ekintza aurrera ateratzeko boluntarioen laguntza behar dutela adieraziz. “Kopraixak aurrera ateratzeko hainbat zeregin egoten dira, eta, horregatik, boluntario gisa aritzera animatzen zaituztegu”, azaldu dute.

Boluntarioek askotariko zereginetan jardun ahal izango dute. Horien artean dago Kopraixetako Erasoen Aurkako Protokoloan parte hartzea. Era berean, jaietako argazkiak ateratzeko laguntzaileak ere behar dituzte; Auzo Udalaren kamera erabilita, txandaka arituko den talde bat osatu nahi dute, jaietako unerik esanguratsuenak jasotzeko.

Beste hainbat zeregin ere aurreikusi dituzte: Obaneuke erromeri taldeari musika ekipoa desmuntatzen laguntzea; txapliguak botatzeaz arduratzea; herri bazkarietan mahaiak eta aulkiak jartzea eta ondoren jasotzea; sagardo dastaketa prestatzen laguntzea; edo musika ekipoa frontoitik plazara eramatea.

Konpromisoaren garrantzia

Interesa dutenek Interneten jarri duten formularioa bete beharko dute, lagundu nahi duten zeregina aukeratuz. Zehaztu dutenez, norberaren disponibilitatearen arabera eman dezake izena, baina konpromisoa eskatu dute, “azken momentuan ezin bada, arduraduna topatzeko konpromisoa hartuz”.