Igandean, abuztuak 2, Tapia eta Leturia Band taldearen kontzertua izango da Itziarko elizan, 22:30ean hasita, aurtengo kopraixen egitarauaren baitan. Ikuskizunerako sarrerak aurrez eros daitezke, Internet bidez labur.eus/tapiaetaleturiakontzertuaitziarren estekan, edo egunean bertan, aurrez aurre –sarreran–, 10 euroren truke.
Lau hamarkada baino gehiago daramatzate Joseba Tapiak –soinua, trikitia eta ahotsa– eta Xabier Berasaluze Leturia-k –panderoa eta ahotsa– trikitiaren mundua astintzen eta iraultzen. Tradizioarekiko errespetuzko atxikimendua eta ikerketa irrika uztartzen dituzte, eta horiek mestizaje erritmiko eta instrumentalez beteriko ibilbide diskografiko oparo batean islatu dituzte. Itziarko emanaldian bederatzi musikari izango dituzte bidelagun oholtza gainean: Nerea Erbiti –ahotsa–, Leire Berasaluze –ahotsa–, Kristina Aranzabe –ahotsa–, Ion Celestino –tronpeta–, Ibon Irixoa –saxofoia–, Amets Aznarez –tronboia–, Txus Aranburu –teklatua–, Iñigo Telletxea –kitar apala– eta Iker Uriarte –jazbana–. Datozen asteotan ere plazarik plaza ariko da taldea Euskal Herrian barna.
Antolatzaileak, gogotsu
Tapia eta Leturia Banden aurretik, izen handiko talde andanak eman izan dute kontzertua Itziarko elizan kopraixetan: Gari, Niko Etxart, Arima Soul, McOnak, Olatz Salvador… Eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, hitzordu berezia izan ohi da beti. "Berezia izaten da, kontzertua lasai ikusteko aukera dagoelako. Kontuan edukita Itziarren ez dagoela aretorik edo jende asko elkartzeko aukera ematen duen lekurik, horrelako kontzertu bat eskaini ahal izateko elizan izan behar du. Bere garrantzia dauka itziartarrontzat. Izan ere, urte osoan horrelako talde potenterik ez da ekartzen, aurrekontu handia izaten duten taldeak, eta kopraixetako igandea (jaixa) izaten da horretarako momentua. Bertan elkartzen gara, bai gazteak eta bai zaharragoak, denetarik. Esango nuke ederra eta berezia dela, lekuarengatik, akustikarengatik... Eta dena ahalik eta hoberen antolatzen saiatzen gara", azaldu du Ihintza Irizarrek.
Ahalegina egitea merezi duelakoan baitaude, hain zuzen, antolatzaileak, ekitaldi horiek Itziarko jaiei egiten dieten ekarpena "handia" dela iritzita. "Hiri edo herri handietan horrelako emanaldiak izatea nahiko ohikoa dela esan dezakegu, baina herri txikietan ez, eta herri txikietakook ere merezi dugu gure herrietan horrelako kontzertuak izatea, kulturaz gozatzeko aukera izatea, nahiz eta urtean behin izan. Azken finean, gure txikitasun horrek ez kentzea artista handiez gozatzeko aukera hori", erantsi du. Bada, prest dute igandekoa, eta egina dago bertaratzeko gonbidapena, "zoragarria" izango dela sinetsita.

