Kopraixak itziarren

Amalur Ponce: "Gure ustez, Tranpapeko Txosnak bereizten gaitu gaur egun"

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko abuztuaren 1a

Gazte kuadrillen arteko jolasak Kopraixetan.

Gaur hasiko dira Kopraixa jaiak Itziarren eta abuztuaren 5ean, azken egunean, ospatuko dute Gazteen Eguna itziartarrek. Antolakuntza lanetan murgilduta dabil, beste behin ere, Itziarko Gazte Asanblada, eta bertako kide den Amalur Ponce elkarrizketatu du BARRENAk. Ikus Kopraixetako egitarau osoa HEMEN

Kopraixak antolatzen aritzen zen gazte talde batek hasitako bideari jarraiki, Jai Batzordea osatzen duten eragileen taldera batu zen duela zenbait urte Itziarko Gazte Asanblada (IGA). Besteak beste, abuztuaren 5ean ospatuko den Gazteen Eguneko ekitaldiak antolatzen laguntzen dihardute aurten ere; bizikleta lasterketa, gazteen arteko jolasak, paella txapelketa eta musika kontzertuak barnebiltzen ditu egitarauak. Baina, hortik harago, ezin aipatu gabe laga jaietarako propio jartzen duten Tranpapeko Txosna. "Denon artean" prestatzen duten ekimenaren garrantzia azpimarratu du asanbladako kide Amalur Poncek.

Itziarko Gazte Asanbladak zer-nolako parte hartzea izango du, oro har, aurtengo kopraixetan? Egitaraua antolatzeko prozesuan parte hartu duzue oraingoan ere?

Parte hartze eta presentzia handia izaten du Gazte Asanbladak herriko festetan. Gazteen Eguna antolatzeko bilerak egiteaz gain, herri mailako bilera irekietara ere joaten gara. Jai Batzordearen parte gara, eta gutxienez asanbladako bi kideren presentzia bermatzea lortzen dugu, gure ideiek eta iritziek lekua izan dezaten. Eta, noski, egitaraua antolatzeko prozesuan ere parte hartzen dugu, bai. Gurea ez da Gazteen Eguna soilik; Kopraixetako egun guztiak dira egun handiak itziartarrontzat.

"Parte hartze eta presentzia handia izaten du Gazte Asanbladak herriko festetan"

Aurtengo Gazteen Egunak berritasunik izango al du?

Egia esan, ez. Gazteen Eguna antolatzeko elkartzen garenean, urtero ateratzen den zalantza edota galdera nagusietako bat horixe izaten da: "Bueno, zer, aurten jolas berriak egingo ditugu? Goizean zerbait berria, desberdina, aldaketaren bat?". Pentsatzen hasten gara, bai, baina badirudi daukagun egitarauak ongi funtzionatzen duela, eta, gainera, gustatu egiten zaigu. Ideia berrien aurrean ere betikoak irabazten du, betikoa lehenesten da; beraz, aurten ere ohiko egitarauarekin jarraituko dugu.

Ezin ahaztu jaietarako propio jartzen duzuen Tranpapeko Txosna, baita haren bueltan sortzen den giroa ere. Garrantzi berezia du zuentzat, ezta? Zergatik, edo zer zentzutan?

Bai, hala da. Gaur egun, nolabait, Tranpapeko Txosnak bereizten gaitu. Harrigarria da ikustea festen aurreko bi asteetan zenbat gazte elkartzen garen Tranpape hori antolatzeko. Den-dena guk egiten dugu, denon artean, elkarri lagunduta. Belaunaldi aldaketak ere izan dira; joan direnek izugarrizko lana utzi dute eginda, eta datozenek prestutasuna erakutsi dute. Pozgarria da gero!

"Badirudi daukagun egitarauak ongi funtzionatzen duela, eta, gainera, gustatu egiten zaigu"

 

Nola baloratzen duzue, orokorrean, festen baitan gazteei zuzendutako eskaintza?

Ondo. Esan bezala, gu ere Jai Batzordearen parte gara. Beraz, beste eskaintzaren bat izan nahiko bagenu, proposatu besterik ez genuke egin behar. Batzuetan, proposamen horiek posible izaten dira, eta beste batzuetan, tamalez, ez. Dena den, kopraixak antolatzeko indarra ateratzen dugu, baina urtean zehar egiten diren ekintzetan motz antzean geratu gara azken urteotan. Ea indar berri edota freskotasun pixka bat iristen zaigun asanbladara...

Zerk egiten ditu berezi Kopraixak?

Uf, galdera zaila da hori! Ez nuke jakingo ongi edota behar bezala erantzuten. Guretzat urteroko hitzordu bereziena da, gehien betetzen gaituena, baina baita nekatu, aztoratu eta, batzuetan, haserrearazi egiten gaituena ere. Egun politak izaten dira, beste dena albo batera utzi eta herritar oro festa giroan murgiltzen baita. Horrez gainera, Itziar herriarekin harremana duten baina kanpoan bizi diren ezagun, lagun eta familiako kide asko biltzen dira egun horietan. Esan bezala, hitzordu berezia da guretzat.