Kopraixen atarian, lau adineko omenduko dituzte bihar, Jubilatuen Egunean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 29a

Ohorezko aurreskuarekin omenduko dituzte aurtengo protagonistak.

Itziartarrak festa bete-betean murgilduko dira abuztuaren 1etik 5era bitartean ospatuko dituzten kopraixekin. Larunbat (abuztuak 1) arratsaldean hasiko dira jaiak ofizialki, txupinazoarekin eta Marixiren jaitsierarekin, baina, motorrak berotzen hasteko, Jubilatuen Eguna izango dute bihar (uztailak 30).

Eguna 12:30ean Andre Mariaren santutegian egingo den meza nagusiarekin hasiko dute. Elizkizuna amaitutakoan, omenaldi-ekitaldi berezia egingo diete protagonistei, eliza atarian. Txistularien laguntzarekin, Andutz Dantza Taldeko kideek ohorezko aurreskua eskainiko diete omenduei, baita bertaratuko diren jubilatu guztiei ere.

1936an jaiotakoak

Iragarri dutenez, aurten 90 urte bete dituzten edo datozen hilabeteetan beteko dituzten lau herritar omenduko dituzte. 1936an jaiotako bi gizonezko eta bi emakumezko, hain zuzen ere: Joxe Manuel Aizpurua Agirre, Bitoriano Alberdi Aizpurua, Agustina Mendizabal Txurruka eta Karmen Urbieta Txurruka.

Omenaldiaren ondoren, Itziarko jubilatu eta pentsiodunak Salegi jatetxean elkartuko dira, herri bazkariaren bueltan; guztira, 70 lagun inguruk parte hartuko dute hitzorduan. Bertsolariek girotuko dute otordua, eta, ondoren, auzo udaleko ordezkariek, urtero bezala, norbere izenarekin pertsonalizatutako tailla bana oparituko diete, oroigarri gisa, lau omenduei. 

Biharko ospakizunari amaiera emateko, berriz, Elaia eta Jare trikitilarien eskutik erromeria izango da.