Larunbatean (abuztuak 1) abiatuko dira kopraixak. Urtero legez, jaietako lehen egunarekin batera itzuliko da herriko mendi lasterketarik ezagunena ere: Itziar Trail. Aurtengoa bederatzigarren aldia izango da, eta antolatzaileak pozik daude jasotako erantzun bikainarekin.
Lantaldekoek azaldu dutenez, dortsal guztiak agortu dira jada. Txema Ponce antolakuntza-taldeko kideak zehaztu duenez, aurrez ezarritako muga "ohikoa baino lehenago" bete da aurten: "Uztailaren 10aren bueltarako ez zegoen lekurik". Hala, 200 korrikalari aterako dira etzi Zabalsoro frontoiaren ondoko irteera-gunetik.
Ibilbide gogorra
Parte-hartzaileek 16:00etan ekingo diote bideari, eta azken urteotako ibilbide bera osatu beharko dute. Beti bezala, herriguneko kaleetan barrena egingo dituzte lehen metroak, eta, ondoren, zuzenean Andutz aldera joko dute; guztira 13,9 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dituzte.
Pizgarri gisa, esaterako, 100 euroko sari berezia jasoko dute probaren errekorra hausten dutenek
Antolatzaileek ohartarazi dute ibilbidea "gogorra" dela, eta kirolariei "ondo entrenatuta" egoteko gomendioa egin diete: "Ez da oso luzea, 14 kilometro inguru dira, baina desnibel dezente dauka; beraz, horrelako gune aldapatsuetarako entrenatuta etortzea komeni da". Ibilbidea bera "oso polita" dela erantsi dute, eta, prestaketa egokia eginez gero, esperientziaz "asko gozatuko dutela" ziurtatu dute.
Sari gehiago aurten
Sariei dagokienez, zenbait berritasun izango dira. Pizgarri gisa, esaterako, 100 euroko sari berezia jasoko dute probaren errekorra hausten dutenek. Hau da, gizonezkoetan Walter Becerrak 2023an utzitako marka (1.11.23) eta emakumezkoetan Oihana Kortazarrek iaz ezarritako denbora (1.22.12) hobetu beharko dituzte.
Bestalde, lehen kilometroa azkarren osatzen duenak ere saria izango du. Orain arte, sari bakarra banatzen zen, baina aurten, bi banatuko dituzte: hau da, lehen gizonezkoak zein emakumezkoak jasoko dute. Era berean, Andutzera azkarren igotzen diren lehen gizonezkoak eta emakumezkoak ere beste 100 eurorekin sarituko dituzte. "Murgizarko denbora-kontrol puntutik Andutzeko gurutzera dagoen 2 kilometro inguruko tartea azkarren egiten dutenak sarituko ditugu". Gogorarazi dutenez, ezinbestekoa izango da lasterketa amaitzea sari berezi horiek eskuratzeko.
Sari nagusiei dagokienez, irabazleek txapela, garaikurra eta 300 euro jasoko dituzte, oroigarria eta 200 euro bigarren sailkatuek eta oroigarria eta 150 euro hirugarren sailkatuek. Herriko lehen gizonezkoa eta emakumezkoa ere sarituko dituzte. Korrikalari guztiek, gainera, kamiseta eta galtzerdiak jasoko dituzte opari.
Antolatzaileek herritarrak eta inguruko zaleak Itziarrera etortzera gonbidatu dituzte, lasterketaz eta jai giroaz gozatzera
Aldi berean, herriko zein inguruko saltokiek, jatetxeek, ekoizleek eta baserritarrek emandako 30 bat opari eta sorta zozkatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean. "Askotariko opariak ditugu aurten; besteak beste, kirol-arropa eta osagarriak, flyscha ikusteko irteerak, herriko jatetxeetan bazkari zein afariak eta inguruko baserrietako produktu ekologikoak".
Umeak ere protagonista
Helduen lasterketarekin batera, Haurren Itziar Trail ere jokatuko da, 16:15ean hasita, haurren eta gaztetxoen artean kirola sustatzeko helburuarekin. Bertan, 3 eta 16 urte bitartekoek parte hartu ahal izango dute, eta distantziak adin eta kategoriaren arabera egokituta egongo dira –100 metrotik hasi eta herriguneari bi buelta emateraino–.
Izen-ematea egunean bertan egingo da eta guztiek jasoko dute oparia. Izan ere, helburua ez da lehia sustatzea, gozatzeko aukera eskaintzea baizik: "Helburua zerbait polita egitea da. Ilusio handia egiten die, batez ere txikienei, etxekoak eta herrikoak han animatzen izaten dituzte eta".
Antolatzaileek herritarrak eta inguruko zaleak Itziarrera etortzera gonbidatu dituzte, lasterketaz eta jai giroaz gozatzera. Nabarmendu dutenez, ekimena "herritik eta herriarentzat" sortua da, eta, kirol hitzorduaz harago, kopraixen lehen egunean jendea herrian geratzea eta festaz gozatzea du helburu: "Hasieratik gure ideia izan da festetarako ekitaldi polit bat eskaintzea. Poz handia ematen digu jendea etortzeak eta ondoren jaietan geratzen dela ikusteak; giro berezia egoten da. Jendea korrika egitera etor dadin nahi dugu, baina baita gero herrian geratzea jaiez gozatzen".

