Goizaldean, gaupaseroak eta goiztiarrenak zezenean ibili dira. Eguerdian, meza nagusia ospatu da eta eliza jendez bete da meza entzuteko. Debako Udaleko eta Itziarko Auzo Udaleko ordezkariak ere bertan izan dira. Itziarko abesbatzak kantatu du eta Juan Mari Aizpurua organojoleak bere 100 urteekin maisuki jo du organoa. Liturgia amaitu ostean, ohiturari jarraituz, hainbat herritar ama birjinaren azpitik pasatu dira.
Elizatik atera ostean, txakolin dastaketa egin da plazan, Flysch-eko eta Erlete Goikoko txakolinarekin. Txorizo egosi pintxo bat janez dastatu dute txakolina herritarrek.
Arratsaldean, dantza solte txapelketa eta errekortarien saioa egin dira eta gauean Tapia eta Leturia Band-ek kontzertua eskainiko du elizan.
Astelehenean, sagardoa, bazkaria eta jolasak
Astelehenean, Helduen Eguna ospatuko dute. Goizean, meza eta sagardo dastaketa egingo dira, herriko baserrietan egindako sagardoarekin. Ostean, herri bazkaria eta atzetik helduen arteko jolasak, dantzak, zezenak eta gauean play back lehiaketa eta erromeria Itzal taldearekin. Ikus biharko egitaraua HEMEN.

