Intxorpe Egun bete-betea dute gaur Lasturren, sanikolasetako azkena

Ainara Argoitia Arano

San Nikolas jaien azkena dute gaur Itziarren: Intxorpe Eguna, eta orain arteko beste hiru egunak bezalaxe, betea dator gaurkoa ere ekintzaz. 09:30ean hasiko dute egitaraua, meza nagusiarekin, eta  pilota-jokoa, bertso-saioak, trikiti soinuak, otordu berezia, herri-kirol saioa eta zezenak izango ditu osagai nagusitzat. Nikolas Txikiren igoerarekin amaituko dituzte sanikolasak, iluntzean.

Intxorpe Eguna dute gaur Lasturren eta Bikoteen Eguna izan zuten atzokoa. Kirola, umorea, zezenak, Maialen Larrañaga eta Ane Txapartegiren soinu eta pandero doinuak, dantza... denetarik izan zuten, eta urtero legez, jendetza batu zen plaza ingurura, ikusmiran. Goizean, bikoteen arteko pilota partiduak jokatu zituzten, bai eta bolo txapelketa ere, eta bazkari betearen ondoren, jolasak egin zituzten plazan. Trontzan, lokotx batzen, orga-lasterketan, sokatiran... jardun ziren gazte kuadrilla bi elkarren kontra, lagunarteko lehia bizian eta umore betean, eta gozatu zuen publikoak gogotik. Jolasak bukatu ondoren, zezenak atera zituzten plazara, Albara ganadutegikoak atzo, eta hantxe ibili ziren gerri biguineko mutilak zezenen aurrean, ausardia eta abildade handiz, argazkietan antzeman daitekeen modura. 

Parte-hartze handiaz gain, badute ezaugarri bat Lasturko jaiek, bertakoek ondo azaldu ohi dutenez: egitarauan beti dator zerbait ondoren, eta atzo ere ez zen aspertzeko tarterik izan. Zezenen eta gazteen erakustaldiaren ondotik, frontoira inguratu zen jendea, Andutz dantza taldeko dantzarien emanaldiaz gozatzeko gogoz. Adin ezberdinetako dantzariak elkarrekin aritu ziren dantzan frontoi bete lagunen aurrean, eta hura bukatu zenean, kantu afarirako prestatzeari ekin zion jendeak. Horixe zegoelako iragarria gauerako: kantu afaria, Beñat eta Ugaitzek girotua. 

Gaurko -hilak 13- egitaraua.

  • 09:30 Meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa tabernan.
  • 11:30 Banakako pala finala frontoian eta Unai Izagirre eta Oier Etxeberria bertsolariekin bertso-saioa. Jarraian, bolo-txapelketa -Indoiturri saria- bertsolari eta trikitilariek girotuta. Egun osoan zehar, Jon Ostolaza eta Rakel Pujana arituko dira trikitiarekin.
  • 14:00 Bazkaria, tabernan.
  • 17:00 Lasturko harriekin erakustaldia. Harri jasotzen: Haritz Aranguren, Jon Marijuan, Sara Jimenez de Aberasturi eta Lucia Orbe. Aizkoran: Mikel Agirre eta Manex Izagirre.
  • Jarraian, bertsolarien bigarren saiaoa, bertako gazteen "aurresku kitzikagarria" eta San Nikolasak amaitzeko, pailazoak, Saka ganadutegiko zezenak eta Nikolas Txikiren igoera.