Gure Eskuren 'Zazpi jauziz, herri bat' egitasmoa girotzen hasteko ekimena antolatu dute Itziarren

Nerea Bedialauneta Alkorta

Arg.: Gure Esku

Dantza entsegatu eta pintxo-pote saio berezia egingo dute larunbatean (urriak 17), Donibane Elkartean.

Gure Eskuk Zazpi jauziz, herri bat ekimena egingo du urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan. Aldi berean egingo dute dantza hiriburu guztietako plazetan, eta dantzaren bidez, "euskal lurraldeen arteko kohesioan eta burujabetza osoaren bidean jauzi bat egin beharra" nabarmentzea da ekimenaren asmoa. 

Datorren asteko egitasmoa bultzatu eta girotze aldera, ekimen berezia prestatu dute Itziarko Gure Eskuko kideek. Datorren larunbatean (urriak 17) jarri dute hitzordua, Donibane Elkartean. 18:00etan, Zazpi jauzi dantza herrikoia entsegatuko dute, elkarteko atzeko plazan.19:00etatik aurrera, berriz, urdailak bete eta eztarriak bustitzeko pintxo-pote saio berezia ere egongo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, saltxitxa pintxoak eta edari-poteoa izango dira "prezio herrikoietan", eta guztia musikaz giroturik egongo da.