Esana zuten jendetza espero zutela industrialdean eta, beste urte batez, aurreikuspen guztiak bete dira aurten ere. Eguraldia lagun, milaka herritar hurbildu ziren igandean ospatutako 31. Itziarko Periara, eta "oso balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek ondorenean.
Oro har, ohiko osagaiak izan zituen Itziarko Peria Batzordeak eta Itziarko Auzo Udalak auzolanean antolatutako egitarauak. Aurreko edizioen ildotik, 09:00etatik 14:00etara zabaldu zuten azoka, eta bertan askotariko produktuak erosteko aukera izan zuten bisitariek. Guztira, 175 bat postu izan ziren. Ez ziren falta izan, aldi berean, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako talogileak, eta pintxo eskaintza ere izan zen hainbat postutan.
"Iaz ez bezala, gainera, animaliak izan ditugu feria-gunean, eta hori asko eskertzen du jendeak, eskaintza izugarria izan delako", laburbildu dute sustatzaileek. Halaber, makineriaren presentzia ere nabarmendu dute: "Oso makineria ikusgarria izan dugu aurten eta, zentzu horretan, oso gustura geratu ziren ikusleak. Benetan interesgarria izan zen, adibidez, sasi-garbitzeko robot-makinarekin egindako erakustaldia; oso potentea izan zen".
Bestalde, Itziarko Eskolaren aldeko tonbolari egindako harrera beroa ere eskertu dute Lizarbe Guraso Elkarteko kideek. "Jende asko ibili zen joan-etorrian, eta elkartearen tonbolak oso harrera ona izan zuen. Sari gehienak atera ziren, gainera, eta hori da pozgarriena guretzat; batetik, sariak Euskal Herri osoko txokoetara joan direlako eta, bestetik, jendeak tonbolan parte hartu duelako eta Itziarko Eskolaren alde egin duelako", azpimarratu dute.